Urrun ikusten dugu 2017ko urtarrila, webgunearen ideia benetan mamitzen hasi zen garaia. Ez zen asmo berria, inondik inora ere ez; baina ezin inoiz hari heldu. Txostena idazten hasi eta bideragarri ikusi genuen arte.

Ilusiotik bizi izan dugu proiektua, gure informatzeko modua zabaldu ez ezik, herritarren parte-hartze aktiboa landu dezakenaren sentsazioz. Ezin uka, kezkak ere baditugu: neurria hartuko diogun, bideragarri izango den, lortu nahiko genukeen parte-hartze eta erantzunik izango dugun… Dena bezala, hasi arte ezin jakin, beraz, ekitea onena!

Lortu nahi genukeena

Dagoeneko aipatu bezala, gure informazio modua zabaltzea dugu helburu, hilaren amaieran argitaratzen dugun aldizkarirako “pasata” dauden horiei lekua egitea, alegia. Eguneroko gertaeren gainean egon, eta ahal den heinean, Facebookeko irakurraldi azkar batek eskaintzen duena baino gehiago eman. Horrez gain, hizkien balioa ahaztu gabe, ikus-entzunezkoei lekua egin; argazkiak atera eta bideoak argitaratu.

Horrekin guztiarekin jendea erakarri, interesgune berriak —ziur, hainbatetan ikusten asmatu ez ditugunak— zeintzuk diren ezagutu, proiektu bateratu bat eraiki.

Bateratua, beraz, zuena ere bai

Guk barrutik bizi dugu egitasmoa, baina ikuspegia zabaltzeko nahi horretan ezinbesteko zaitugu, irakurle. Zer egin dezakezun? Hasteko, gugana heldu, eta urrats hori eginda, argitaratutakoaren inguruko iruzkinak bota. Argi izan guztion iritziak duela lekua gurean, baldin eta errespetuz ematen bada.

Gehiagorako aukera ere baduzue, ordea, denok ekarpenak egin ahal izateko jarri baitugu Komunitatea atala. Zer egin behar den? Buruan dituzuen ideia horiek, non adierazi ez dazkizuenak, idatzi, marraztu, grabatu… adierazi.

Geurea da lehen idatzia, zurea izan daiteke bigarrena. Hala nahiko bazenu, mezu bat bidali komunitatea@artzape.eus helbidera kontua izan nahi duzula adieraziz; hortik aurrerako azalpen guztiak —izen-ematea, funtzionamendua eta abarrak— gure kontu.

Ea ba, denon artean proiektua guztiona izatea lortzen dugun!

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude