Apirilaren 19an Patxi errementaria ipuin klasikoan oinarritutako txotxongilo sorkuntza tailerra eskainiko dugu Liburutegian.

Nork ez du azkenaldian Errementari filmari buruzko iruzkinen bat entzun edo irakurri? Paul Urkijo zuzendariak Patxi errementaria euskal ipuin klasikoaren molde berria ekarri du gure zinema-aretoetara, euskal zinema fantasiazko generora lerratuz. Joxe Miguel Barandiaranek bildu zuen istorioa, eta haren gaineko moldaketa librea egin du zinemagile arabarrak bere lehen film luzean. Sitgeseko Zinema Jaialdian kritika onak jaso zituen, Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren Astea ireki zuen, eta harrera beroa izaten ari da geurean ere. Loraldi hori baliatuz, Getariako Udal Liburutegian etxeko txikiei zuzendutako tailerra antolatzea pentsatu dugu.

Gogoan al duzue, izan ere, Patxi errementariaren ipuina? Ezagutzen al dute gure haurrek? Patxi, errementari bakarti eta misteriotsua da, baina ipuinean esaten den bezain gaiztoa al da? Datorren ostegunean, apirilaren 19an (17:30), ipuin klasiko honetan oinarritutako txotxongilo sorkuntza tailerra eskainiko dugu Getariako Udal Liburutegian. Lur Usabiaga ipuin-kontalaria arduratuko da ipuina gaztetxoei aurkeztu eta tailerra gidatzeaz, eta 5 urtetik gorako 20 bat haurrek parte hartu ahal izango dute bertan. Tailerraren iraupena 2 ordukoa izango da eta, koloretako feltroa erabilita, Patxi errementaria ipuinean agertzen diren pertsonaiak sortzeko aukera izango dute haurrek. Liburutegian bertan izango dugu horretarako materiala; txantiloiak prest ditugu dagoeneko! Eta zuek, prest al zaudete infernuko ateak parez pare irekitzen dituen jarduera honetan parte hartzeko? Gogoan izan, bestalde, deabrua bera baino azkarragoa den errementariaren ipuina Liburutegian dugula mailegagarri.