Ia gaueko hamaiketan bukatu genuen atzo azken bilera; goizeko 08:00etan jaso gaur taldekidearen lehen mezua. Animo hitzak dira, gaur beharko ditugunak; zalantzarik gabe, askoren partetik jasoko ditugunak.

Urduri egon gara aste honetan, bakoitzak bere modura bizi eta adierazten badu ere. Goizean lanera joan behar dutenek presaz bizi dute eguna, lehenbailehen amaitu eta Balenciaga Museora esku bat botatzera joateko desioz. Goizean Balenciagara joan behar dutenek ere presaz bizi dute eguna, egiteko asko eta nahi baino denbora gutxiago dagoela irudituta.

Arratsalde-iluntzera arte ez dugu guztiok batzeko aukerarik izango; egunak emandako lan, sentsazio zein oraindik etortzeke dagoenarekiko sentipenak elkarbanatzeko unea izango da. Lehen krisi-kabinetea deitu diogu, bai baitakigu nola egon gaitezkeen guztiok.

09:18an Euskadi Irratian Izaroren ahotsa: Zenbat alditan esan ote diot neure buruari egon hadi geldi hor?

Izarok kitarrarekin nola, hala heldu genion gaurko erronkari, eta behin hasita… amaieraraino. Txiki gara, badakigu, eta gaurkoa handia da. Handia Marlik, Izaro eta Nøgen bezalako hiru talde Getariara ekartzea, hiruen emanaldiak behar bezala koordinatu nahiz uztartzea, azpiegitura antolatzea, babesleak topatzea, lan-taldea koordinatzea… Alabaina, hori guztia egiteko gaitasunak, eta bereziki jasotako erantzunak, handi sentiarazten gaitu. Sarrerak agortu dira, 600dik gora ikusle espero ditugu gauean Balenciaga Museoan eta urduritasuna bezainbesteko asebetetzea daukagu.

Kanpotik esku bat botatzeko prest agertu diren guztiak zein lan-taldekook goizean goizetik ari gara lanean -zalantzarik ez batzuen buruak hala aritu direla gauean zehar ere-. Ilusioz jardungo dugu, azken txanpa honetarako barruan geratzen zaigun indar guztia ahitu arte. Badakigu horretan ere bidelagun izango zaituztegula, eta eskerrak emate hutsa motz geratzen denez, gaurko eguna guk adina gozatzea opa dizuegu.

Hori bai, ez ahaztu lanean eta urduri gaudela, beraz, pazientzia apur bat gurekin (kar-kar-kar).

#artzapefest #aupaekipo