Gure Esku Dagok atzo ezagutarazi zuen ekainaren 10ean Donostia eta Gasteiz artean egingo den erabakitze eskubidearen aldeko giza katearen behin betiko ibilbidea. Getariari 30. eta 31. kilometroak dagozkio. Hala ere, herriko taldeak adierazi duenez, bere gain izango du Zarautz eta Zumaia arteko zazpi kilometroren ardura.

Eguna hurbiltzen ari dela kontuan hartuta, Gure Esku Dagok eskatu du giza katean parte hartzeko izen-ematea lehenbailehen egiteko. Izan ere, komeni da lekua ziurtatu eta antolakuntza erraztea.

Getarian, larunbat eta igandero -ostiral batzuetan ere bai- jartzen dute mahaia Kale Nagusian. Giza katean parte hartu nahi dutenek izena eman eta bost euro ordaindu behar dituzte. Horrekin, zapi bat jaso eta ekainaren 10ean katean egoteko konpromisoa hartuko dute.

Artzaperen hilabete honetako alean izango duzue giza katearen eta Gure Esku Dagoren jardunaren zehaztasun gehiago.