Liburuak irakurtzeko dira.
Liburuak entzuteko dira.
Liburuak gozatzeko dira.
Datorren astelehenean, apirilaren 23an, Liburuaren Eguna ospatuko dugu, modu berezian ospatu ere. Kalabazan Kultur Ekimenak taldeko bi kide gonbidatu ditugu gurera, eta poesia xuxurlatua eskainiko digute (18:00-20:00). Liburutegian hasiko dugu saioa, baina kaleko emanaldia izango da. Izan ere, Kalabazan Kultur Ekimenak taldeko kideek, herriko kale eta plazak zeharkatuko dituzte euren koloretako tutuekin herritarren belarrietara poesia xuxurlatuz. Olerkiak entzuteko eta gozatzeko aukera paregabea izango dugu, beraz.

Ekimenaren helburua irakurzaletasuna sustatzea da, poesia bizirik dagoen zerbait dela transmititzea, gorputzetik gorputzera, ahotik belarrira. Bide batez, ahozko literaturaren transmisioaren garrantziaz gogoeta egiteko eguna izan daiteke astelehenekoa, eta baita, zergatik ez, sentimenduen adierazpena artearen bidez landu edo garatu daitekeela ikasteko eguna ere.

Baina, zer da poesia xuxurlatua? Nondik dator? Poesia xuxurlatua, poesia transmititzeko bide bat da, koloretako tutuen bidez gorputzetik gorputzera zuzenean doana, belarritik sartu eta gure barrenera bidaiatzen duena. Kalabazan Kultur Ekimenak taldeko kideei, poesia xuxurlatuaren jatorriaz galdegin diegu, eta honakoa erantzun digute: “Transmititzeko modu hau non sortu zen ez dakigun arren, badakigu Frantziako Les Souffleurs aktore taldea hasi zela, euritako beltzez lagundurik, kaletik oinez zihoan jendeari opari poetikoak egiten. Hiriko kaosaren erdian, poesiak bere bidea egiten zuen horrela, munduan zehar ibiltzeko modu berriak proposatuz, jolas egitera gonbidatuz, hunkituz…”. Kalabazan Kultur Ekimenak-eko kideek Argentinako Cordoba hirian ezagutu zuten diziplina poetiko hau, Celeste Aguero eta Color Susurro taldeari esker. “Talde honek 10 bat urte daramatza –Mirta Colangelo arte-hezitzailearen bidea jarraituz– kaleak, autobus-geltokiak, bankuetako sarrerak, kartzelak, eskolak, liburutegiak, irratia… hitzez eta kolorez betetzen”. Eta erantsi dute: “Gu duela 3 urte hasi ginen poesia modu honetan bizitzen eta partekatzen; sinesten dugulako poesia mundua ikusteko modu bat dela, gure inguruan dagoena eta bere burua adierazteko bide desberdinen bila ari dena uneoro”.

Kalabazan Kultur Ekimenak taldeko kideen eskutik, hortaz, poesia bizitzeko beste modu bat ezagutuko dugu astelehenean, poesia liburuetatik at ere badela erakutsiko baitigute. Xuxurlatuak izatearen esperientzia bizi nahi baduzue, apirilaren 23an, ireki belarriak eta gozatu gurekin!