Euskal Herriko txoko askotan egingo da Euskaraldia azaroaren 23tik abenduaren 3ra; Getarian ere bai. Zer den Euskaraldia? Bada, euskararen erabilera normalizatu eta sustatzeko aurreikusitako ekimena. Horretarako, euskaldun-berriek zein zaharrek konpromisoa hartzen dute normalean hala egiten ez duten pertsonekin 11 egunez euskara hutsean aritzeko.

Esperientzia horrek duen eragina eta arrakasta neurtzeko ikerketa burutuko duela iragarri du aste honetan Soziolinguistika Klusterrak, metodo kualitatibo eta kuantitatiboak erabilita.

Bi helburu nagusi izango ditu azterketak:

  • Hizkuntza ohiturak aldatzeko prozesuak aztertzea gizarte aktibazioaren gakoak ezagutzeko.
  • Ekimenaren arrakasta neurtzea: parte-hartzea, antolamendua edota bere eraginkortasuna.

Getarian, datorren asteetan aukeztuko da Euskaraldia jendaurrean.