Getariako Udal Liburutegian, 12-16 urteko gazteei zuzendutako Instagram bidezko Mikro-Ipuin Lehiaketa antolatzea erabaki dugu oraingoan. Lehiaketan parte hartu nahi duenak, gaur (maiatzak 1) hasi eta ekainaren 15era arte izango du lanak aurkezteko aukera.

Argazkiz eta testuz osatutako mikro-ipuinak jaso nahi ditugu, eta itsasoarekin lotura dutenak, gainera; itsasoarekin, hondartzarekin, itsasargiekin, itsasoko animaliekin, itsas-munstroekin, naufragioekin, piratekin… proposatutako gaia, itsasoa bezain zabala baita. Lehiaketan parte hartzeko bete beharreko baldintzak honakoak dira: 2002 eta 2006 urteen artean jaiotako gaztea izatea eta Euskadiko Liburutegi Sareko bazkide izatea. Testuak euskaraz idatzita egon beharko du, eta, lehiaketan parte hartu ahal izateko, honako pausoak jarraitu baino ez duzu egin behar:
1. Argazki bat atera edo irudi bat sortu.
2. Instagramera igo, #GetariaMikroIpuin2018 traola erabiliz eta @getariako.liburutegia etiketatuz.
3. Argazkiarekin edo irudiarekin batera, itsasoarekin lotura duen ipuin labur bat idatzi, gehienez ere, 150 hitz erabiliz.
4. Argitaratu!

Epaimahaia eta saria
Getariako Udaleko Kultura eta Euskara teknikariek, Udal Liburutegiko liburuzainak eta diseinatzaile grafiko batek osatuko dute epaimahaia, eta lanak aztertu ostean, ekainaren 25ean emango dugu irabazlearen berri. Gure sare sozialak (Instagram, Twitter, Facebook) erabiliko ditugu horretarako. Adi, beraz!

Sariari buruz, azkenik, bi hitz, aurrerago emango baitugu xehetasun gehiago: Bi lagunentzako (edo, agian, gehiagorentzako ;-)) abentura txangoa dago jokoan, eta irabazleari proposamen ezberdinen artean erabakitzeko aukera emango zaio: Oñatiko Arrikrutz kobetan abenturazko bisita espeleologikoa, zetazeoen begiztatzea MATER itsasontzian, Mendexa Abentura Parkera sarrera eta stand up paddle saioa, Oria ibaiaren jaitsiera…

Getariako Mikro-Ipuin Lehiaketa_OINARRIAK