Data: Ekainak 21, 19:30tan

Lekua: Alhondegian

1940 eta 1975 urteen artean emakume anitzek euren etxea utzi eta Ipar Euskal Herrira zein Frantziako bertze hainbat tokitara joan behar izan zuten neskame edo neskato lanetan aritzera. Emakume horiek, nerabe eta neska gazteak, familia utzi zuten gibelean. Maiz, mendiz joan ziren, gordeka. Frankismoaren urterik gogorrenak ziren. Ipar Euskal Herriko hoteletan eta jatetxeetan aritu ziren lanean, baina baita etxe partikularretara ere, “interna” moduan. 12 edo 14 orduko lanaldiak egiten zituzten, pasaporterik gabe, lanerako baimenik gabe, eta frantsesik jakin gabe.

Gaur egungo migrazio-prozesuetan bezala, emakumeek paper hagitz aktiboa izan zuten orduko gizartean, bertan gelditzen ziren gurasoei eta etxekoei ekonomikoki berebiziko laguntza eman baitzieten.

Horien guztien bizipenak eta gerra ondoko emigrazioaren inguruko dokumentala da “Neskatoak”.

Zuzendaria: Jon Abril Olaetxea (Bera, 1975). Kazetaria ikasketaz, kultur kudeaketan aditua, gaur egun, Elhuyarren dabil lanean, partaidetza teknikari moduan. Hainbat hedabidetan aritu  da, baina hau du zuzendari moduan lehenbiziko ikus-entzunezkoa.