Hilaren 30ean egingo dugu kurtso politiko honi amaiera emateko azken batzarra. Aurreko batzarretan bezala, beste zenbait edukiren artean, Udalean lantzen ari garen gai garrantzitsuak izango ditugu aztergai, Parte-hartze ordenantza eta Sahatsaga Goiko etxebizitzak, besteak beste.

Eguna: Ekainak 30, larunbata
Ordua: 10:00 - 12:00
Lekua: Alhondiga

Parte-hartze ordenantza egitea gure hauteskunde-programan sarturiko gaietako bat izan zen, eta, agindutakoa betez, orain gutxi jarri dugu abian ordenantza hori osatzeko parte-hartze prozesua. Bi bilera egin dira herritarrekin, eta bertan egindako proposamenak landuko ditugu orain. Horrenbestez, batzarrean, parte-hartze prozesu horren nondik norakoak azalduko ditugu.

Sahatsaga goiko etxebizitzei dagokienez, gaia aurrera doa, pixkanaka. Beraz, batzarra aukera aproposa izango da gai horretan zer urrats egin diren jakiteko, bai eta une honetan zer egoeratan gauden jakiteko ere.

Udaleko gaiez gain, 2019ko udal-hauteskundeak ere landuko ditugu hilaren 30eko batzar irekian. Besteak beste, prozesua aurrera eramango duen talde motorra aurkeztuko dugu, eta talde horretako kideek zerrenda egiteko eta herri-programa osatzeko plangintza azalduko digute.

Landuko diren gaiak kontuan hartuta, hitzordu garrantzitsua izango da; horregatik, bertan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu. Gainera, kurtso politikoari amaiera borobila emateko, hamaiketako ederraz gozatzeko aukera izango dugu.