Salbatore jaien baitan, abuztuaren 7an, egingo da Elkanoren Lehorreratzea. Horren nondik norakoak azaltzeko ekitaldiaren aurkezpena egin dute gaur arratsaldean, udaletxeko batzar aretoan. Bertan izan dira udal ordezkariak zein Lehorreratzean parte hartuko duten kide gehienak.

Horien artean bada berrikuntzarik, izan ere, lau urtetik behin bete beharreko lekuez gain, aldaketak izan dira. Nagusiena Elkano berarena, Manuel Gorostiagak utzitako lekua Iñigo Isastik beteko baitu. Adierazi duenez, dagoeneko urduri dago. Ekitaldian izan dira aurten lagun izango dituen tripulatzaileak ere, horien artean zozketaz aukeratutako bi berri: Gorka Lazkano eta Gaizka Gorostiaga.

Kontinenteetako ordezkariak ere aurkeztu dituzte. Bide batez, zozketa egiterakoan izandako irizpide aldaketa azaldu dute berriro:  parekidetasuna bultzatu zein ahalik eta getariar gehienei aukera emateko asmoz, bai kontinenteetako ordezkariak, bai lantzariak nahiz gurdi gidariak neska zein mutil izango dira. Horrela, Eneko Miralles, Hostaizka Etxeberria, Ibai Eizagirre, Judith Lazkano eta Maialen Urresti izango dira kontinteetako ordezkariak. Hala ere, ez dute azaldu nahi izan bakoitzak zein kontinente ordezkatuko duen.

Guztien presentzia baliatuz, Lehorreratzeko kartela aurkeztu dute. Nika Lertxundi alkateak azaldu duenez, “irudikatzen ditu garai bateko ontzi baten belak eta barruan azaltzen dira Aian azaldu ziren Elkanoren idatzien hitzak”.

Nao Victoria

Aurten, 2009an bezala, Nao Victoria ontziaren erreplika herrian izango da abuztuan, hilaren 3tik 8ra. Elkanoren Lehorreratze egunean Getarian egongo dela aprobetxatuz, berorrekin helduko dira nabigatzailea eta tripulanteak portura.

Gainera, egun horietan bisitak egiteko aukera izango dute herritarrek, 10:00etatik 21:00etara. Abuztuaren 7an, Lehorreratzea tarteko, arratsaldez bakarrik ikusi ahal izango da, oraindik guztiz zehaztu gabe dagoen ordutegian.

Ezinduentzako aulkiak eta zuzeneko emanaldia

Alkateak azaldu du frontoian 7×3 metroko pantaila bat jarriko dela mugikortasun arazoak dituztenek zein 65 urtetik gorakoek Lehorreratzea lasaitasunez ikus dezaten. Pertsona horiek izango dute lehentasuna, baina aurrez izen-ematea egin beharko dute turismo bulegoan.

Gainera, aurten, EITBk zuzenean emango du ekitaldia, hiru kazetari getariarren eskutik: Agustin Ezenarro, Kepa Iribar eta Ane Miren de la Hoz. Irudi horiek baliatuko dituzte frontoiko erretrasmisiorako.

Krisi mahaia

Egunean bertan gerta daitekeenari aurre hartzeko, azken hilabeteetan koordinazio edo krisi mahaia osatu dute. Lertxundik jakinarazi duenez, herritarren segurtasuna bermatzea da halako ekitaldi baten lehentasuna, hori dela eta, aholkuak emango zaizkie ikusleei, hedabide zein panelen bidez, eguna iritsi baino lehen.

Aipatu krisi mahai hori Ertzaintzak, Gurutze Gorriak, suhiltzaileek, portu ordezkariek, Uhina soinu enpresak, EITBk, Urola Kostako Udal Elkarteak, Euskotrenek, Itsas Agintaritzak, udaltzaingoak eta kultur zein turismo teknikariek osatu dute. Datozen urteetarako ere landuta utzi dute babes plana.