Gipuzkoako merkataritza-gune bateko dendako ilaran nago, aurrean bi erosle ditudala, denok geure produktuak eskuetan, ordaintzeko zain.

Lehena euskaraz zuzendu zaio saltzaileari:

– Arratsalde on.
Buenas tardes -saltzaileak.

Halako jarreren aurrean garbi izan ohi dut nire aukera: euskaraz egitea ulertzen ez duela esaten didan arte. Gaur, ordea, egun arraroa dut, nekatuta nago (baita etengabeko barne eztabaida hauetaz ere), eta une batez gaztelaniaz hasteko tentaldia izan dut, “erosotasuna” bilatu nahian-edo. Bien bitartean, dendariak gaztelaniaz esan dio prezioa lehen erosleari; honek berean jarraitu eta euskaraz agurtu du.

Bigarrenak hizkuntza berean egin dio diosal eta “arratsalde on” erantzun du dendariak. Ez da jokabiderik egokiena, badakit, baina euren elkarrizketa entzun dut; lehen agurren ondoren, euskaraz jarraitu du erosleak, gaztelaniaz saltzaileak. Bakoitzak bereari eutsi dio, baina aldatu da zerbait dendariaren jarreran, agurtu ere euskaraz egin baitu.

Nire txanda da eta erosoena horixe zaidala barneratuta, euskaraz egin diot:

– Arratsalde on.
– Kaixo. Ba al duzu dendako txartelik? -saltzaileak.
– Ez, ez daukat, ez dut egiteko interesik, noizbehinka erosten dut-eta hemen.
– Ados. Orduan hamalau euro eta laurogeita hamabost zentimo dira.
– Tori!
– Hau zuretzat -dirua itzuliz.

Euskaraz hitz egiteko gogorik gabe irudikatutako saltzaileak hiru euskaldun behar izan ditu zerbitzua euskaraz eskaintzeko.

Hau da, orduan, Euskaraldiaren asmoa! bota diot ondokoari, konturatuz neure hizkuntza mantenduta, Ahobizi izan naizela.