Atzo hasi zen Getariako Sahatsaga kiroldegiko denboraldi berria. Nahiz eta berrikuntzak eta lanak amaituta ez egon, getariarrek ahal izango dute bertara gerturatu eta kirola egin. Galerian ikusi ahal den bezala, momentu honetan aldagelak dira ia bukatuta dauden instalazio bakarrak.

Kiroldegia berritzeko hitzarmena
Martxoan sinatu zuten Sahatsaga kiroldegia berritzeko hitzarmena Nikanor Lertxundi Getariako alkateak eta Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Diputatuak. Akordioaren xedea kiroldegia garai berrietara egokitzea da; 246.669,90 euroko aurrekontua dute lanek, eta horietatik 131.975,80 Aldundiak ordainduko ditu. Udalak hartuko du bere gain gainontzeko kostua.

Berrikuntzak
Laurogeiko hamarkadan eraiki zen Sahatsaga kiroldegia, eta ordutik bi eraberritze fase izan ditu. Oraingo lanekin, barrualdeko komunak kanpora aterako dituzte, arkupeetan jarrita, eta hiru sarrera izango ditu: frontoitik, kiroldegiaren barnealdetik eta kanpoaldetik. Lan horrek ahalbidetuko du aldagela bakoitzaren azalera bikoiztea; halaber, lan horiek burutzeko frontoiaren eta kiroldegiko harreraren artean dagoen pasilloa kenduko dute. Aldagelen azalera 63 metro koadrotik 122ra igaroko da.

Aldundiak emandako laguntza kirol ekipamenduen 2017-2020 planean jasota dago. Itxasoren esanetan, “jakitun gara aldagelen azalera ez zela nahikoa erabiltzaileen eskaria kontutan izanik”. Lertxundiren ustez, berriz, “herritarren eskaria kontutan, beharrezkoa da hobekuntzak egitea, eta Aldundiarekin egindako hitzarmenak ahalbidetuko du hori”.

Lanez gain, Getariako Udalak kirol ekipamendua berrituko du pixkanaka; hala, makina berriak jarriko dira, eta xede horri hamar urtean eusteko konpromisoa sinatu du Lertxundiren gobernuak. Lanek 2019ko abenduaren 31rako amaituta egon behar duten arren, aurten egitea aurreikusita dago.