Elkartasun bilkurari amaiera emateko, Gure Esku Dago Getariako kideek hartu dute hitza (bideoa):

  • Idatzia:

“Iazko irailean, hamabost egunetan, Bilbon , milaka lagun bi aldiz irten ginen kalera, Kataluniako erreferenduma babestera. Argi izan genuen ariketa demokratiko hura babestu behar zela, herritarren nahia bozkatzea zela, botoa emateko aukera bermatu behar zela. Getariarrok ere argi izan genuen hori eta horregatik nahikoa elkarteratze, esteladak balkoietan eta kazerolada egin genituen. Gaur, urte bete beranduago, berriz ere Katalan herriari gure elkartasuna adierazteko bildu gara hementxe, Getariako plazan.

Urriaren 1ean, milaka euskaldun Kataluniako bozkalekuetan izan ginen, lekuko eta babesle. Ez zaigu inoiz ahaztuko ikusitakoa, jendearen determinazioa, kemena, bozkatzeko ilusioa, antolatzeko gaitasuna, indarkeriak sortutako amorruari aurre egiteko gaitasuna… Ahaztezina. Urriarren 1a mugarri historiko bat da demokrata guztientzat.

Mugarri hori posible egin zuten guztiei gure esker ona adierazi nahi diegu. Eta eskertzearekin batera elkartasuna erakutsi ere, bereziki espetxean edo erbestean daudenentzat. Aske nahi zaituztegu, eta aske ikusi arte, jarraituko dugu elkartasunaren oihala ehuntzen. Etorkizuna hobea izango baita herrien arteko elkartasunaren gainean eraikitzen bada. Ez zarete sekula bakarrik egongo. Besarkada handi bat guztiontzat.

Herritarrok aske sentitu nahi dugu, menpekotasunik gabe. Askatasun egarria dugu. Herri gisa, kolektibitate gisa ere. Aske, erabakitzeko.

XXI. mendean, askatasuna eta erabakia elkar loturik dauden kontzeptuak dira. Askatasuna erabakitzea da. Eta, demokrazian, erabakitzea askatasun eta burujabetza maila handiagoak eskuratzea da.

Joan den urriaren 1ean, bi milioitik gora lagunen bozkatzeko hautua debeku eta indarkeriarekin geldiarazi nahi izan zituztenek helburu nagusi bat izan zuten: demokrazia suntsitzea, demokrazia katalana suntsitzea. Baina ez zuten lortu. Demokrazia herritarra nagusitu egin zen eta argi bilakatu zen. Orduan piztutako argia ez da itzali, piztuta jarraitzen du.

Euskal Herritik eta Getariatik, mundu osoaren aurrean adierazi nahi dugu herrien askatasun eta burujabetza asmoak pizturik daudela, izan katalan herria, korsikar herria, kanak herria, eskoziar herria edo euskal herria.

Ozen esan dezakegu: euskaldunok eta katalanek, demokrazia eta burujabetzaren aldeko konpromisoa eta mundu justuago baten aldeko gogoa konpartitzen dugula. Bidelagun garela. Elkar lagunduta, bidea samurrago egingo dugu, eta urrutiago iritsiko gara. Gure Esku Dagon, elkartasun hori piztuta mantentzeko konpromisoa hartzen dugu, burujabetza eta demokraziarako bidea argitu diezagun.”

Getarian, 2018ko urriaren 1ean

Getariako Gure Esku Dago