Axular Arizmendi soinu teknikari eta produktoreak duela pare bat urte ekin zion itsasertzeko euskal doinuak biltzeko proiektuari. Aitona zein osaba arrantzaleak zituen eta itsasoari nahiz arrantzari buruzko abestiak galtzen ari zirela konturatuta, herriz herri kantak grabatzea bururatu zitzaion. Ez edozein modutara, ordea, baizik eta orkestratuta, “gaur egungo zinemako soinu banda erara”.

Getarian proiektuaren bigarren fasea gauzatuko du: Biga. Itsasertzeko Euskal Doinuak. Horrela, herriko bi abesbatzak hiru kanta grabatzeko batuko dira larunbatean Iturzaeta herri eskolako aretoan. Haiekin batera ariko dira Juan Sebastian Elkano Musika Eskolako 10 haur ere.

Arizmendik esandakoaren arabera, Gora Elkano, Getaria eta hiruzpalau kantaz osatutako popurri bat grabatuko dituzte. Azken horretan hartuko dute parte, hain zuzen ere, eskolako umeek. Ahoska egingo dute lan, hau da, soprano, tenore eta abarren doinuak banaka grabatuko dituzte, gero postprodukzioan batzeko.

Floren Iribar zinegotziak azaldutakoaren arabera, inguruko lau herriri egin zitzaien proposamena: Zumaia, Getaria, Zarautz eta Orio. Getariarrekin batera, oriotarrek erabaki zuten aurrera egitea, eta lana osatzeko Pasaia eta Hondarribia izango dituzte lagun. Abesbatzentzat ere “esperientzia berria da”.

Udalerri bakoitzak 6.000 euroko ekarpena egingo dio proiektuari. Aurreikuspenen arabera, abenduaren hasiera alderako kalean izango da lana, “Gabonetarako eskuragarri izateko”.

Faseka landutako egitasmoa

Itsasertzeko Euskal Doinuak Lekeitio, Ondarroa, Mutriku eta Deban landu zen lehenik; orain, berriz, Getaria, Orio, Pasaia eta Hondarribiak hartuko dute parte. Proiektua Euskal Herriko kosta osora eraman nahi du Arizmendik, eta datorren urtean Bermeo zein Mundaka aldean grabatuko du, Iparraldean hurrengora. Bosgarren urtean, azkenik, Hendaia, Bilbo eta Donostiako kantak gehituko dituzte.

Urteetan jasotakoarekin bilduma orokor bat egingo da, amaierako lan bezala. Horretarako kanta bat aukeratuko du herri bakoitzak.