Udala informatzen saio berezia egin dute gaur arratsaldean udaletxeko batzar aretoan. Jendez bete da gela, gehienak gazteak, Sahatsaga Goian egingo dituzten babes ofizialeko etxebizitzen zein tasatuen esleipenerako Udalak behin behinean onartu berri dituen irizpideak ezagutzeko.

Ibon Gereka Parte-hartze zinegotziak azaldu duenez, eremu hori Amenabarrena da eta salmenta libreko etxebizitzak egiteko asmoa zuen. Udalarekin negoziatu ondoren, 20 izango dira mota horretakoak, 20 babes ofizialekoak eta 20 tasatuak. Adostasun hori lantzeko, ordea, hiru urte behar izan dituzte, prozesua aurreikusi baino “korapilatsuagoa” izan delako.

Babes ofizialeko etxebizitzei dagokionez, 12 izango dira hiru logela, trastelekua eta garajearekin, eta zortzi bi logela, trastelekua eta garajearekin. Beste hainbeste tasatuetan. Horren arabera, babes ofizialeko etxebizitzek 140.000 eta 160.000 euro artean balioko dute; tasatuek, aldiz, 189.000 eta 216.000 euro artean. Biei %10eko BEZa gehitu beharko zaie.

Lehentasuna getariarrek

“Getariarrek bizitza proiektua bertan egiteko” herritarrek edo herriarekin lotura dutenek izango dute lehentasuna etxebizitzak esleitzeko garaian. Horretarako hiru baldintza hauetakoren bat bete beharko dute: azken hamar urteetako hirutan, gutxienez, jarraian herrian erroldatuta egotea edo Getaria ohiko bizitoki izatea; bertan lan egitea azken hamar urteeetan; edo azken hiru urtetan bertan lan eginda, Getaria ohiko bizitoki izatea eta erroldatuta egotea gutxienez azken 15 urtetan –ez jarraian-.

Herritarren ondoren, eskualdekoek izango dute lehentasuna eta azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleek.

Diru-sarrerak

Etxebizitzok eskuratzeko hautagaiek Etxebiden egon behar dute izena emanda, azken asteetan jakinarazi bezala. Harago, Udalak diru-sarrera haztatuen mugak ezarri ditu: 9.000 eta 39.000 euro artean babes ofizialeko etxeetarako eta 20.000 eta 50.700 artean tasatuetarako. Azaldu dutenez, iazko diru-sarrerak hartuko dira kontuan eta norberaren datuen kalkulua egiteko tresna hau erabili daiteke.

Diru-sarreren mugak Etxebidek zehaztu ohi ditu baina Udalak esku har dezake hein batean. Horregatik, gerta daiteke Jaurlaritzaren erakundeak zehaztutako kopurua eta Getarian ezarritakoa ezberdina izatea.

Kupoak

Hainbat etxebizitza behar berezietarako bideratuko dira. Hala, mugikortasun urria duten pertsonentzako bi logelako etxebizitza bana egongo da babes ofizialekotan zein tasatuetan, eta familia ugarientzat hiru logelako hiruna. Bestetik, unitate familiar osoak 35 urtetik behera dituztenentzako bi logelako bina etxe egongo dira. Azkenik, baldintza horiek betetzen ez dituzten hautagaiak kupo orokorrean sartuko dira; horientzat hiru logelako bederatzina eta bi logelako launa etxe egongo dira.

Hautagai bakoitzak ongien egokitzen zaion multzoa aukeratu beharko du eta babes ofizialeko zein tasatuetako bakarrean apuntatu ahal izango da.

Esleipen prozedura

Etxebizitzak beste herri batzuetan zozketaz ematen badira ere, Sahatsaga Goikoak esleitzeko baremazio bat ezarri da. Diru-sarrerak, Etxebideko izen-emate denbora, etxebizitzarako behar berezia izatea, adina eta bizitza unitateko kide kopurua hartuko dira kontuan.

  • Diru-sarrerak: 20 eta 35 puntu artean eskuratu ahal izango dira.
  • Etxebideko antzinatasuna: izena emanda bakarrik dagoenak ez du punturik eskuratuko; inskribatuek, berriz, bat eta bost artean.
  • Etxebizitza behar berezia: legez zehazten da behar hori, ondorioz, automatikoki bost puntu izango ditu.
  • Unitate familiarreko kide guztiek 65 urtetik gora badituzte, hautagaiak 25 puntu izango ditu.
  • Bizitza unitatea pertsona batek osatzen badu, 5 puntu izango ditu; bi pertsonek, 10 puntu; hiruk, 25; eta lauk edo gehiagok, 35.

Baremazio honetan, babes ofizialeko etxebizitzen eta tasatuen artean aldatuko den gauza bakarra diru-sarrera kopurua izango da (9.000-39.000€ lehenengoan, 20.000 eta 50.700 bigarrengoan).

Hori zehaztuta, puntuaketen zerrenda eta etxebizitzena gurutzatuko dira. Azken hori prest dago jada.

Helegiteak aurkezteko epea

Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak gaur argitaratu du pasa den astean oinarriak onartu izanaren jakinarazpena. Xehetasunak, ordea, kaleratzeke daude eta biharko aurreikusten dira. Une horretatik aurrera irizpideak ikusgai egongo dira eta azaroaren 30a bitartean, gutxi gorabehera, aurkeztu ahal izango dira helegiteak udaletxean. Hauei banan-banan erantzuteko konpromisoa hartu dute udal ordezkariek.

Epe hori pasata helegiterik ez balego, abenduaren hasieran behin betiko onarpena ematea aurreikusten da. Hori Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hogei eguneko epea egongo da etxebizitzetarako eskariak eta agiriak aurkezteko.

Gaur emandako azalpenak aintzat hartuta, interesdunek beraien baldintzak ongi aztertzeko aholkatu dute. Zalantzarik izanez gero, laguntzeko prest agertu dira udal ordezkariak.

 

Lotutako albisteak: