ELA eta LAB sindikatuek grebak deitu dituzte egunotarako zaharren egoitza nahiz eguneko zentroetan. Lehenak, gaurtik ostiralera arteko geldialdia eskatu eta gaurkoan “erabateko” jarraipena izan dela azaldu du. Bigarrenak, ostiralerako bakarrik egin du deialdia.

Getariako Eguneko Zentroko goizeko langileei galdetuta, jakinarazi digute gurean ez dela antzemango greba. Lau langilek egiten dute lan zentroan, goizeko biek jardunaldi murriztuan eta beste biek, arratsaldez, hauen jarduneko gainerako orduak betetzen. Greba deialdiaren harira, %70eko gutxieneko zerbitzuak ezarri dira, ondorioz, bi pertsonek egon behar dute adindunen garraiorako zein bazkalordurako. Horren eraginez, lanera joan beharko dute egun hauetan ere.

Egunotako geldialdiekin sektoreko lan hitzarmena berritzea dute helburu, azken urteetan ez baita aldaketarik egon. Gainera, azken urtean negoziaketak “blokeatuta” daudela salatu dute sindikatuek. Besteak beste, hobekuntza hauek eskatzen dituzte: kontratazio eta lanarena; lan jardun, atsedenaldi, jai egun eta oporrena; soldaten igoera; baimenenetarako erraztasuna; segurtasun eta lan osasunarena; eta gizarte mailakoak.

Argazkia: ELA