Herritarrei eskerrak eman eta bide batez, bere ibilbidearen balantzea egiteko ondorengo  jakinarazpena helarazi die herritarrei:

Nika Lertxundi, Getariako alkatearen agurra.

“Jadanik zazpi urte eta erdi pasa dira lehenengo aldiz Getariako alkate egin ninduzuen egun eder hartatik. Betidanik herriko hainbat taldetan herrigintzan jardun arren, ordura arte ez nuen politikarekin harreman zuzenik izan, baina 2011ko udal-hauteskundeen momentuan gure herriak, Euskal Herriak, bizi zuen ezohiko egoera hark EH Bilduren zerrendaburua izateko konpromisoa hartzera eraman ninduen.
Ohore bat izan da Getariako alkate izatea, bereziki hainbat urteren ondoren Udalean emandako aldaketaren alkate izatea. Uste dut gure herriak ongi merezia zuen aldaketarako hainbat urrats eman ditugula, eta lortu dugula orain dela zortzi urte baino herri hobea izatea. Baina argi dut hori guztia ez dudala nik bakarrik lortu, oinarrian lanean gogor jardun den talde bat dago. Askotan ikusi dituzue nire aurpegia eta izena hainbat ekimenetan, baina ni talde horren ordezkaria izan naiz, beraiek gabe ezinezkoa litzateke egin diren aurrerapausoak egitea.
Urte hauetan erabaki asko hartu behar izan ditugu, batzuk besteak baina errazagoak, baina beti saiatu gara herritarrentzat onena zena egiten. Ziur asko, ez genuen beti asmatuko, baina aldaketa handiak egitea lortu da, herria Udalera hurbildu dugu, edo nik, behintzat, herria hurbil sentitu dut. Uste du herriari Udaleko hainbat gaitan parte hartzeko bideak ireki dizkiogula. Behar-beharrezkoak ziren hainbat obra ere egin ditugu, eta herrian oso errotuta zeuden hainbat ekintzatan berrikuntzak txertatzea ere lortu dugu. Gainera, mailegu berririk eskatu ez eta Udalak aurretik zuen zorra asko murriztu dugu. Horrela jarraituz, urte hauetan guztietan egindako hainbat eta hainbat kontu aipatu nitzake, baina ez naiz luzatuko, bistakoak baitira ikusi nahi dituen ororentzat.
Lerro hauen bitartez, nire eskerrik beroenak eman nahi nizkieke ibilbide honetan inguruan izan ditudan guztiei. Eskerrak bi legealditan nire taldean egon diren zinegotziei, baita une oro gure atzean egon diren lagun horiei ere: batzuk aholkuak ematen, beste batzuk lanean, besteak animoak eta babesa ematen… Halaber, eskerrak eman nahi nizkieke udal-langile guztiei; zuen lanarekin asko erraztu duzue bidea, eta zuen artean beti sentitu naiz eroso. Eskerrak, nola ez, familiari eta lagunei, beti hor egon zaretelako eta behar izan dudan guztietan esku bat bota didazuelako. Eskerrak oposizioan egon zareten zinegotziei ere, nahiz eta askotan iritzi kontrajarriak izan elkarri entzun eta hitz egiteko gai izan garelako. Eta eskerrak herritarroi, nigan, gugan, jarritako konfiantzagatik.
Udalgintzako nire aroa bukatu da; uste dut eman behar nuen eta eman nezakeen guztia eman dudala. Saiatu naiz getariar guztien alkatea eta ordezkaria izaten, eta horrelaxe jarraituko dut datorren ekaina bitartean. Gero, beste batzuen garaia izango da, baina ni hor izango naute, bidelagun.
Zuoi herritarroi eskatzen dizuet laster EH Bildutik aurkeztuko dugun zerrendari eta zerrendaburuari niri eman zenidaten babes eta aukera bera ematea. Izan ere, oinarri bera dugu, etorkizunean Getaria hobea egiten lagunduko duen oinarria.
Eskerrik asko denoi!!
NIKA LERTXUNDI IBARGUREN
2018ko urriaren 26an