Getariako EH Bildu bakarrik geratu da ordenantza fiskalen bozketan. EAJk ez zuen parte hartu “informazio faltagatik eta ordenantzaren idazketan izandako gardentasun ezagatik”. Aldebakartasunez erabaki du EH Bilduk udal tasa guztiak gutxienez %2,1 igotzea, kasuren batean %50-era ere iritsiz. Asteazkeneko, urriak 24, Osoko Bilkuran onartu zuten igoera. Proposamena aztertu ostean, Getariako EAJk ardura handiz hartu ditu EH Bilduren neurriak.

Hilerriaren erabilpenaren kostua igo du Bilduk: %2,1 garestituko da nitxoen kontzetsioa, ehorzketa eta gorpua hobitik ateratzeko lizentziak, panteoien eskualdatzeak… Badira ehuneko horretatik gora igoko direnak ere: arratsaldez hildakoak lurperatzea egun baino %50 garestiagoa izango da, behin ordenantza fiskalak behin betikoz onartzen direnean, alegazio epea igaro ostean. Bide berean, tanatorio eraiki berriaren erabilpenak 275 euroko kostua izango du herritarrarentzat gorputzarekin bada; hileta zibilak gorputzik gabe, 150 euro.

Jeltzaleek ez dute ulertzen Getariako EH Bilduk hileta errituekin duen fijazioa: “azken urteetan egindako inbertsio nagusiak, tanatorioa kasu, 160.000 euroko kostuarekin herritarrentzat, alor horretara bideratzen ari da EH Bildu. Ulergaitza zaigu hildakoekin egin nahi duten negozioa”.

Horrez gain, %2,1 igoko dira ere gainerako udal-tasak, hala nola, musika eskola, ikastaro eta tailerren kuotak, gizarte zerbitzuak, udal eraikinen, mahaien edota aulkien erabilpena eta abar.

EAJren arabera “ezin da onartu hiletak herritarrei dirua ateratzeko erabiltzea. Gaur egun ordaintzen den tasarekin, goiz zein arratsaldeko zerbitzuaren kostua estaltzeko nahikoa da; ez da beharrezkoa beraz %50 igotzea”. Horren aurrean, EAJ EH Bilduk Udal Batzarrean harturiko erabakia aztertzen ari da: “Udalaren ekonomiarekin bat datorren proposamen bat egitea da gure asmoa, herritarrak kontuan izanda, eta aldi berean, bi alderdiok onartu dezakegun proposamena  jomuga. Ezbairik gabe, Getariako herriaren onura bi alderdien arteko akordioan dago, elkarlanean”.