Udal Gobernutik EAJk beilatokiaren inguruan duen jarrera ezkorra eta oztopotzailea salatu nahi dugu .

Hasiera-hasieratik, herritarrei zerbitzu berri bat eskaintzea izan da Udal Gobernuaren helburua. Azken bi legegintzaldi hauetan, ahalegina egin dugu herritarren eguneroko bizitzarako funtsezkotzat jotzen ditugun hainbat azpiegitura berritzeko, hala nola anbulatorioa, eguneko zentroa, haurreskola, liburutegia, eta erretiratu eta pentsiodunen elkartea. Eta noski, beilatokiaren proiektua bide horretan egindako beste urrats bat izan da guretzat hasieratik.

Duela 7 urteko egoera ekonomiko kaskarrarekin, ezinezkoa zen horrelako inbertsio bat egitea, baina, kudeaketa ekonomiko on baten ondorioz, egingarri bihurtu dugu lehen ezinezko zena. Hala, 3 urteko lanketaren ondoren, azaroaren 1ean zabaldu zituen ateak beilatokiak.

Denbora tarte honetan, EAJko udal-taldeko kideek etengabe kritikatu eta oztopatu dute azpiegitura hau. Jarrera oztopatzaile horren adibide dira Tasen eta zergen gaia modu partzial eta interesatuan erabiliz azken egunetan egin dituzten adierazpenak, beste behin ere herritarren artean nahasmena eta zalaparta sortzeko helburuz egindakoak, hain zuzen.

Adierazpen horien aurrean, zenbait gai argitu nahi ditugu. Beilatokiaren erabilera-tasa inguruko herrien ia berbera da: 275 €. Arratsaldez ehorzketak egiteko kostua %50 igo da (113 € goizez eta 170 € arratsaldez), brigadako langileen lan-orduek ere kostu handiagoa eragiten baitiote Udalari; eta halere, ez da kostu osoa estaltzen. EAJk kritikatzen dituen gainerako % 2,1eko igoerek ez diote hilerriarekin loturiko tasei soilik eragiten; herriko ia tasa guztiei eragingo dien irizpidea izan da.

Azalpen horiek emanda, EAJri galdetze diogu ea nork duen “fijazioa” beilatokiarekin. Non ikusten dute Udalak “negozioa” egiteko intentzioa? Ondoko herrietan zilegi dena zergatik ez dute ondo ikusten Getarian?

Erantzukizun falta

Bestalde, EAJ udal zergen eta tasen gaian izaten ari den jarrera kritikatu egin nahi dugu Udal Gobernutik. Gaia lantzeko egin zen Batzordera ez ziren azaldu, ez eta Batzordean diktaminatutako irizpena onartzeko Osoko Bilkurara ere; ez batean ez bestean ez zuten parte hartu. Proposamenen bidez inolako akordiotara heltzeko borondaterik ez dute erakutsi; horren ordez, prentsan datu interesatuak zabaltzen aritu dira. Jarrera onartezina, gure iritziz. Edozein kargu publikotan gaudenok ezinbestekoa dugu guk ordezkatzen ditugun herritarrekiko errespetua; haiekiko konpromisoa dugu. Baina badirudi EAJri ez zaizkiola gehiegi axola berak ordezkatzen dituen herritarrak; eta hori beraien erantzukizuna da.