Getariako EH Bilduren herri batzarrak atzoko bilera irekian berretsi zuen Haritz Alberdi 2019ko udal hauteskundeetarako alkategai gisa. Indar abertzaleko Getariako Hauteskunde Batzordeak jakinarazi duenez, herritarren artean egindako galdetegiak ezarri ditu proposamenaren oinarriak: “250 lagunetik gora aritu dira azken asteetan bere irudipenak azaltzen. Izen konkretuak eta alkategai egokiaren ezaugarriak bateratu ditu prozesuak, eta zenbait izen atera dira handik”; 100dik gora, hain zuzen ere. Diote udal politikagintzan dabiltzanekin kontrastatuta, Alberdiren hautagaitza begi onez hartu dela: “Boto berde kopuruak ondo frogatzen duen eran, herriaren aukeraketa da”.

Alberdik hautagaitza esker onez hartu eta adierazi du hiru “erronka” ezberdin dakartzala: pertsonala, hauteskundeetaraino heltzeko egin beharreko bidea eta azkenik, jardun horretan zalantzan dauden pertsonak proiektu baten baitan konbentzitzea. Azken urteetan gertutik jarraitu du udalgintzaren bidea eta garrantzia eman dio azken bi legegintzalditan Nika Lertxundik eta haren taldeak egindako lanari. “Aldaketa egonkortzera gatoz. Haize alde doa itsasontzia, eta horri eutsi nahi diogu”, adierazi du.

Irakaslea da Alberdi eta EH Bilduren aburuz, “hargatik, ondo daki zer den egunero gizartea eraikitzen jardutea. Herrigintzan ere ibilbide luzea du, eta begirada kritiko bat beharrezko deritzo etorkizuneko Getaria egiteko”. Zentzu horretan, honakoa adierazi du alkategai berriak: “Herritar guztien ordezkaria izan nahi dut, herritarren beharrak ahalik ondoen lantzeko”. “Ezinbesteko” iruditzen zaio herritarren kezka eta nahiak jasotzea: “Inurri lana da gurea. Sorbaldak elkar ondoan jarri eta eguneroko lanari ekiteko prest gaude”.

Taldekideen hautaketa

EH Bilduk ohartarazi du “udan abiatutako prozesuaren lehen harria” jarri duela Alberdiren hautaketarekin. Hurrengo urratsa haren taldekideak aukeratzea izango da; datozen asteetarako zeregina da hori. Xehetasun gutxi dago horren inguruan baina jakin da egungo lantaldean diharduen Amets Etxabek ez duela jarraituko. Etxabe Euskara eta Kultura zinegotzia izan da legegintzaldi honetan.

 

Lotutako albisteak: