Duela pare bat egun iragarri zutenez, Jon Larrañaga herritarrak entrenatuko du aurten Getariako Arraun Elkartea. Klubean bertan hasi zen arraunean eta orduz geroztik, Getarian, Orion, Zumaian, Hondarribian eta Kaikun ibili da. Hondarribiarekin 2012ko Espainiako txapelketa eta 2013ko Kontxako Bandera irabazi zituen, besteak beste; arraunlari moduan azken denboraldia ere (iazkoa) bertan egin zuen.

Lehen esperientzia izango du entrenatzaile gisa eta klubeko ordezkarien laguntza jasoko duela iragarri du. Getariako taldearen ibilbidearen jakitun, harrobiko jendearekin lanean jarraitzeko asmoa du eta aurtengo lehen erronka trainerua uretaratzea izango dela adierazi dio Urola Kostako Hitzari.

Bide horretan, gaur hasiko dira lanean, izan ere, lehen entrenamendua egingo dute. Jende gutxi dagoenez, herriko gazteei arraunean hasteko deia egin die Getariako Arraun Elkarteak.

 

Argazkia: Getariako Arraun Elkartea.