• Jeltzale getariarrek babes osoa adierazi diote Urresti alkategaiari, eta aniztasuna eta errespetua oinarri dituen Getaria baten alde lanean jarraituko dutela nabarmendu dute, “denon artean bizikidetza egoki bat eraikitzeko oinarrizko aldagaiak”.

Getariako EAJk herrian Aitor Urresti alkategai jeltzalearen aurka agertutako pintaketak irmoki salatu ditu. Pintada hauek Urrestiren etxe atarian agertu dira eta ‘A. Urresti al gulag‘ (‘gulag’ aurkari politikoak eta gaizkileak behartutako lanak egitera behartzen zituen Sobietar Batasuneko zigor sistema izan zen), ‘Gora E.T.A‘ eta ‘Gora Langile Borroka‘ mezuak irakur daitezke bertan.

Gaur, abenduak 10, agertu dira pintaketa hauek, Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna. Jeltzaleek azpimarratu dutenez “guztiz deitoragarriak dira, ez dira onargarriak eta lekuz kanpo daude. Bizikidetzan pausuak ematen diharduen gizarte batentzako zama besterik ez dira; argien artean itzaluneak. Adierazpen askatasun osoa dugu guztiok, baina inoiz ezin da pertsonen duintasunaren aurka erabili – nahiz eta lehiakide politikoa izan- ezta bide demokratikoekin ere”.

“Era berean, erasoa jasan duen Aitor Urresti alkategaiari babes osoa adierazi nahi diogu eta Udalari eskatzen diogu ekintza hauek irmoki baztertzeko. Jeltzaleok aniztasuna eta errespetua oinarri dituen Getaria dugu jomuga, denon artean bizikidetza egoki bat eraikitzeko oinarrizko aldagaiak”.