Asteburuan Aitor Urresti EAJko zinegotziaren etxe aurrean agertutako pintaketak gaitzesteko adierazpen instituzionala argitaratu dute EH Bilduk eta EAJk.

“Herri mailako edozein kargu publiko herritarrekin zuzeneko harremanean dagoen heinean”, horrelako ekintzak onartezinak direla eta herritarrak bizitza publikotik aldentzen dituztela adierazi dute. “Kontuan izan behar da herritarren parte-hartze politikoa ezinbestekoa dela gure herria eraikitzen jarraitzeko”, gaineratuz.

“Demokrazia batean ideia ezberdinak hitzaren bitartez eztabaidatzen dira, ikuspegi ezberdinekin, baina helburu bakarrarekin:  Getaria aurrera ateratzea”. Mota horretako jarrerek, ordea, hori oztopatu eta jomuga bakarra pertsonei min egitea dutela diote.

Horregatik, ondorengoa adierazi dute Getariako Udaleko alderdi politikoek:

  • “Getariako Udalak horrelako ekintzak arbuiatzen ditu, inongo mementotanan Udal honek ez baititu horrelako erasoak onartuko edozein herritarren aurka.
  • Getariako Udalak bere babesa eta elkartasuna adierazten dizkio Aitor Urresti Udaleko zinegotziari eta bere ingurukoei jasotako erasoaren aurrean.
  • Getarian eta Euskal Herrian oinarrizko eskubide guztien defentsan egitea dagokigu eta ahalegin guztiak egingo ditugu hori lortzeko. Horregatik horrelako ekintzek ez dute lekurik gurean”.