Getariako Udalbatzarrak pasa den abenduaren 5ean onartu zituen Sahatsaga Goiko etxebizitza tasatu eta babestuen behin betiko oinarriak. Horiek Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzearekin batera irekiko da eskariak egin zein dokumentazioa aurkezteko epea. Interesatuek 20 egun izango dituzte horretarako.

Azaroaren 30era arte egon zen zabalik behin behineko baldintzei helegiteak jartzeko aukera. Joan den astean iragarri zuenez, EAJk hainbat aldaketa eta zuzenketa proposatu zituen. Udalbatzarrak, azkenean, ostegunean xehatu zituen etxebizitza horietarako eskariak egiteko betebeharrekoak.

Babes Ofizialeko Etxebizitzak

Eskariak egin ditzakete baldintza hauek betetzen dituztenek: azken hamar urteetako gutxienez hiru urtetan herrian erroldatuta egotea etenik gabe, hamar urte horietan Getarian lan egitea, edo azken hiruetan bertan lan egin eta 15 urteetako, gutxienez, bostetan erroldatuta egotea. Herritarrek ez badituzte betetzen baldintzok, Urola Kostako bizilagunei zabalduko zaie aukera; gainerakoei ondoren.

Legeak ezarritakoa betez, etxebizitzak esleitzeko hainbat kupo zehaztu dituzte: mugikortasun arazoak dituztenentzat etxebizitza bat egongo da, familia ugarientzat hiruna gelako hiru, 35 urtetik beherako gazteentzat bina gelatako hiru, kide bateko 35 urtetik gorakonetzat bat, eta gainerakoentzat 11. Etxebizitza txikienak 70 metro karratu izango ditu eta handienak, aldiz, 87,62.

Interesatuek 2017ko zerga ekitaldian izandako diru-sarrera haztatua hartuko da kontuan: 9.000 eta 39.000 euro artekoa izango da. Etxebizitzen prezioak, berriz, 164.276,64 eta 139.962,25 euro artekoak izango dira, BEZ gabe. Lehen ordainketa (%20koa, BEZarekin) kontratua sinatzean ordaindu beharko da eta gainerakoa eskritura sinatzean.

Sahatsagako bigarren faseko babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko oinarriak

Etxebitza tasatuak

Babes Ofizialeko Etxebizitzen baldintza berak bete beharko dituzte eskatzaileek. Horrez gain, 20.000 eta 50.700 euro arteko diru-sarrerak bermatu beharko dira 2017an. Kupoei dagokionez ere, etxebizitza bat gordeko da mugikortasun arazoak dituztenentzat, hiruna logelako hiru familia ugarientzat, bina gelako lau 25 urtetik beherako gazteentzat, bat 35 urtetik gorako pertsona bakarrekoarentzat eta 11 gainerakoentzat.

Etxebizitzok 70 eta 84,33 metro karratu artean dituzte, 188.804,54 eta 216.892,96 euroko kostuarekin. Ordaintzeko era ezberdina izango da etxebizitza babestuekiko, izan ere, %20 ordaindu beharko da kontratua sinatzean, %40 hormigoizko egitura bukatutakoan eta gainerakoa eskriturak sinatzean.

Oinarriak behin betikotzeko garaian bestelako neurriak ere hartu dituzte, besteak beste, Getariako Etxebizitzen Eskatzaileen Udal Erregistroak azken zortzi urteetan izandako erabilera eskasa kontuan izanda, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Erregistroak ordezkatzea.

Sahatsaga-Goiko bigarren faseko udal etxebizitza tasatuak esleitzeko prozeduraren oinarriak

Aurkeztu beharreko dokumentazioa

Udal ordezkariek jakinarazi dute zeintzuk izango diren hautagaiek aurkeztu beharreko dokumentuak:

Eskatzaile guztiek

  • Eskatzaile eta bikotearen NANaren fotokopia.
  • 2017ko Errenta Aitorpenaren kopia, eskatzailea eta beste jasotzaileena, edo 10-T ziurtagiria.
  • Errolda edo bizikidetza agiria, edo lan-bizitzaren txostena (bere kasuan).
  • Familia liburuaren fotokopia (ezkonkide eta seme-alaben orriak).
  • Izatezko bikoteen Erregistroan izena eman izanaren agiria, bere kasuan.
  • Etxebideren agiria.

Mugikortasun urriko pertsonak

Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako mugikortasun urriko ezintasunaren baldintza eta izaera egiaztatzeko agiria; gurpil-aulkia, bastoi bi erabili beharra edo 7 eta 15 punturen bitartean izatea.

Familia ugariak

Familia ugariaren tituluaren fotokopia.

 

Lotutako albisteak: