2019ko udal hauteskundeetarako herri programa osatzeko, Getariako EH Bilduk HARIZ HARI GETARIA HARILKATZEN dinamika parte-hartzailea martxan ipini du.

Dinamika honen lehen urratsa udan eman zen: alde batetik, 250 bat herritarrek azken urteetan udal jardueran antzeman dituzten alderdi positibo eta hutsuneak helarazi dizkigute. Bestetik, Getariako EH Bilduren Hauteskunde Batzorde eta zinegotzi taldeak, udalgintzan egindako lana puntuz-puntu aztertu eta legegintzaldiko balorazioa egin dute. Ondorioz, harro gaude, duela 4 urte abiatu genuen Herri Programa ia guztia osatu eta aurreikusi ez ziren hainbat ekimen burutu direlako. Halaber, hobetu beharreko atalak ere identifikatu ditugu.

HARIZ HARI GETARIA HARILKATZEN  dinamikaren hurrengo urratsa Getariako eragile eta elkarteekin harremanetan ipini eta biltzea da; azken legealdiaren balantzea partekatu eta hurrengo legealdirako dituzten proiektu eta beharrak zuzenean ezagutzeko. Horretarako, eskura emandako gutun baten bidez gonbitea luzatu diegu. Jadanik hainbat elkartekin izan gara.

Ondorengo pausua herritar eta auzotarren ekarpenak zuzenean jasotzea izango da; 5 BILERA IREKI antolatu ditugu. Helburua legealdiko balantzea herritarrekin konpartitu, beharrak identifikatu eta EH Bilduk hurrengo legealdian udalean aurrera eramango dituen egitasmoak zehaztea izango da. Bilera guztiak asteartetan Alondegian izango dira eta bi orduko iraupena izango dute. Bilera irekien egutegia ondorengoa izango da:

  • Hirigintza, zerbitzuak eta ingurumena: Abenduak 18.
  • Parte-hartzea eta gardentasuna: Urtarrilak 8.
  • Euskara, kultura, kirola eta aisia: Urtarrilak 22.
  • Parekidetasuna eta gizarte politika: Urtarrilak 29.
  • Garapen ekonomikoa, turismoa, arrantza, nekazaritza eta industria: Otsaila 5.