Datorren urtean hasiko dira Elkano itsasgizonak munduari emandako lehen bira gogoratzeko programa, hark ibilbidea hasi zuen 500. urteurrenean, alegia. Horren harira, 2019 eta 2022 urteen artean Elkano Fundazioak bultzatuko dituen zenbait ekintza jakinarazi zituzten atzo Donostian fundazioa osatzen duten erakundeetako ordezkariek. Agerraldian Nikanor Lertxundi Getariako alkateak, Ion Irurzun fundazioko zuzendariak, Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak eta Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako Sailburuak hartu zuten parte.

Zuzendariak azaldu zuenez, hiru ardatz izango ditu egitasmoak: zabalpena, ezagutza eta lankidetza. Bide horretan ikerketa eta hedapena ardatz garrantzitsuak izango dira; horretarako doktoretza tesiak landuko dituzte EHUrekin, Elkano Katedra sustatuko dute Etxepare Institutuarekin, nazioarteko kongresua egingo dute dute datorren urtean euskaldunei eta nabigazioari buruz eta pentsamendu eskola jarriko dute martxan. Horrez gain, material akademikoa sortu eta zenbait jarduera antolatuko dira.

Horrekin batera, teknologiak, ezagutza sareak eta sentsibilizazio zein kosta berreskuratzeko jarduerak barne hartuko dituzten proiektuak sustatuko dituzte, Gastronomiak nahiz elikadurak leku garrantzitsua izango dutela ere iragarri dute.

Lertxundik adierazi zuenez, “aldaketa garrantzitsuak eragin zituen gizaterian Elkanoren zirkunabigazioak, gizartearen eta historiaren garapena aldatuz”. Industria, ontzigintza, elikadura, pentsamendua eta kultura izan zituen mintzagai.