Udalera iritsi berri dira Biga. Itsas ertzeko euskal soinuak diskaren aleak. Horrela, bihartik aurrea salgai egongo dira turismo bulegoan zein udal liburutegian. Bertaratzen direnek 10 eurotan erosteko aukera izango dute.

Horren berri eman dute gaur eguerdian Nika Lertxundi alkateak, Floren Iribar zinegotziak, eta Jose Angel Zaldua eta Lourdes Salsamendi Orioko alkate eta Kultura eta Turismo zinegotziak udaletxean egindako agerraldian. Gogoratu behar da bi herrietako abesbatzek hartu dutela parte diska horretan, baita Pasaiako eta Hondarribiako musikariek ere. Salsamendiren iritziz, “bete-betean asmatu dute Pasaia eta Hondarribia sartuta”, herri arrantzaleak izanik, zuzeneko lotura dutelako guztiek.

Aurkezpenean azaldu dutenez, garai batean kanturako joera handia zegoen herrietan; horregatik, ohitura hari eutsi eta abestiak berreskuratu zein mantentzea da diskaren helburua. Horretarako, Gora Elkano, Getaria eta hiruzpalau kantaz osatutako Pupurria grabatu zituzten urrian Salbatore Abesbatzak, Elkano Abesbatzak eta Juan Sebastian Elkano Musika Eskolako haurrek.

Diskarekin batera dokumentala landu dute. Herri bakoitzeko bi ordezkarik grabatutako lanaren sarrera egin dute; Getariatik Jazinto Isastik eta Floren Iribarrek kontatu dituzte itsasoarekin lotutako hainbat pasarte. Grabaketetako irudiekin osatu dute ikus-entzunezkoa.

 

Lotutako albisteak: