Bihar hasiko da ETB2ko El Conquis saioaren edizio berria, 15.a hain zuzen ere. Leku aldaketa izango da oraingoan, hala jakinarazi dio ARTZAPEri Xabier Etxaniz getariarrak aldizkariaren azken alean. Irailaren amaieran joan zen Panamara lehiaketan parte hartzeko, Bi aste beranduago itzuli zen, esperientzia disfrutatuta. Emisioaren aurreko egunak nola bizi izan dituen azaldu du.

Hastear da El conquistador del Pacífico saioa. Nola sentitzen zara?

Gogoarekin nago, irrikarekin. Guk han probak egiten ditugu baina ez da berdina bertan presente egotea edo kanpotik ikustea, bi ikuspegi desberdin dira. Alde horretatik, jakin- mina dut; bestela, jendeagatik, iritziengatik, lasai nago.

Urduritasuna, izatekotan, castingagatik dut. Lehenengo egunean botatzen dituzte; bakoitzak hamar minutu pasatzen ditugu han eta denbora horretan gauza ezberdin asko kontatzen ditugu. Horietatik onenak edo beraiei komeni zaizkienak aukeratuko  dituzte, eta ea zer ateratzen duten.

Gu jakitun gara zer egin dugun, nik hango egun bakoitza gogoratzen dut baina gero ikusi behar da telebistan zer eta nola botatzen duten.

Nola bizi izan zenuen programa?

Nik uste dut besteen aldean desabantaila izan nuela. Gure taldea beste biak baino egun bat lehenago iritsi zen hara; arratsaldez heldu eta gaua hotel batean pasa genuen. Hurrengo egunean, taldekide bat eta ni besteengandik banatu gintuzten, hegazkin bat hartu eta beste irla batera eramanez. 24 ordu pasa genituen gela banatan, bakarrik; behin atera ahal izan genuen. Imajinatu nola irten nintzen handik. Programako unerik txarrena izan zen, zalantzarik gabe.

Hortaz aparte, eragin zidan Julian Iantzi programan parte hartuko nuela jakinaraztera lanera, Mayflowerrera, etorri izanak. Jendea grabatzen aritu eta asko zabaldu zen. Pilotan ibiltzen naizenez, Euskal Herriko beste puntako jendeak ere idatzi zidan. Abiatu nintzen egunean 40 kontaktuk idatzi zidaten Whatsappez. Ondo hartzen dira animoak baina, nahi gabe ere, hara joanda beti horretan pentsatzen nuen; presioarekin joan nintzen.

Bestela ondo mentalizatu nintzen, ezin zara joan pentsatzen oporretara zoazela, eskola galduko duzula, ez  duzula lanera joan beharrik izango…

Hala ere, jendearen iritziei ez omen diezu beldurrik. Gustura egindakoarekin?

Galdu nuen proba erresistentziazkoa zen, eta erori egin nintzen, ez gehiago ezin nuelako baizik eta zerbait gertatu zitzaidalako, mementoan ez nintzen konturatu. Alegia, ez nuen dena eman eta ez nuen oso proba ona egin. Bestela, agian, irabaziko nion, baina ezin ziurtasunez esan.

Gainera, ahultasunak begira eragin zidan eta arazoak izan nituen, horregatik taldeko hainbat proba ezin izan nituen jokatu.

Esperientzia disfrutatu nuen baina probetan erakutsi, ez dut askorik erakutsi.

Kaleratzean, batetik hamarrera, programaren balorazioa egiteko eskatu zidaten, bero nengoen eta gogoratzen naiz 4 esan niola. Orain galdetuta ez nuke askoz gehiago esango baina 5 edo 6 bai.

Programan bizi izandakoaz galdetuz gero, berriz, 8 edo  9 esango nuke. Jende jatorra ezagutu dut eta gustura nago.

Berorik pasa duzue?

Bai. Bueltakoan ere nabaritzen zitzaidan kolore pixka bat hartu nuela eta hori bi aste eginda. Eguzkiak ikaragarri jotzen zuen.

Gauetan ere 20º edo egingo zituen. Nik behin edo behin egiten nuen lo zaku barruan baina ikaragarrizko beroa egiten zuen.

Zer izan zen zuretzako zailena?

Moskitoak. Gau erdian esnatzen nintzen izugarrizko azkurarekin, begi muturrean ehun moskito, belarrietan bueltaka… Buffa goraino, galtzerdi luzeak, galtzak azpitik sartuta, mahuka luzea, eskularruak, eta hala ere, esnatu eta moskitoen ziztadak aurpegian. Izugarrizko ezintasuna eragiten zidan.

Hiru kanpaleku daude, aberatseko hasierako probetan eltxo-sarea zen saria, baina ez zuten inolako eraginik.