Cristóbal Balenciaga Museoak 2018an 53.000 bisita izan ditu; iaz baino % 4 gehiago. Hartara, dagoeneko lau urtez jarraian hazi egin da bisitarien kopurua.

Bisitarien jatorriari dagokionez, % 52 atzerritarrak dira; batez ere Frantziakoak (% 21).EAEtik % 24 etorri dira, eta gipuzkoarrak dira bisitaririk gehienak (% 12). Bestalde, Estatukoak dira bisitarien % 24, eta Madrildik, Kataluniatik edo Nafarroatik datozenak nabarmentzen dira batez ere.Aurreko urteari dagokionez, azpimarragarria da aurten, lehenengoz, atzerritarrak gehiago izan direla Estatukoak baino; hau da, lehen aldiz atzerritarren kopurua % 50etik gorakoa da

Transmisioak hezkuntza-programa

Programazioari eta jarduerei dagokienez, TRANSMISIOAK hezkuntza-programa abiarazi izana azpimarratu behar da. Museoaren eta moda diseinuko nazioarteko sei hezkuntza-zentrorik garrantzitsuenetakoen arteko lankidetzari esker sortu da.

Hona hemen sei zentroak: Central Saint Martins (Londres, Ingalaterra), The Royal Danish Academy of Fine Arts (Kopenhage, Danimarka), Iceland Academy of the Arts (Reykjavik, Islandia), Shenkar College of Engineering, Design and Arts (Ramat Gan, Israel), Seika Kyoto University (Kyoto, Japonia) eta Parsons the New School of Design (New York, Estatu Batuak). Hezkuntza-programa horren bidez, Cristóbal Balenciagaren filosofia, teknika eta testuinguru biografikoaren xehetasunetan murgildu dira ikasleak.

Teknologia berriak

Bistarien esperientzia hobetu egin da second canvas teknologia eskuragarri jarrita eta artxiboko piezak digitalizatuta; izan ere, bisitariari aukeratutako piezekin elkarreragina izateko abagunea eskaintzen die; hartara, horiek handitu, 360 graduz biratu edo sakon aztertzeko aukera dute. Halaber, Cristóbal Balenciaga.Moda eta ondarea erakusketaren aplikazioa sortu da, eta behar bereziak dituzten kolektiboentzat programa sozialak jarri dira martxan. Horren adibide dira, besteak beste, Distinción. Moda-argazkilaritzako mende bat erakusketan erabil daitezkeen ukipen-argazkiak.

Bi erakusketa horiek ikusgai egongo dira urtarrilaren 27ra arte.