Datorren ostegunean, urtarrilak 17, aurkeztuko dute txakolinaren uzta berria Getarian. Urtero moduan Mahasti Jauna izendatuko du Getariako Txakolina Jatorri Deiturak; aurten Jakitea Elkartea izango da omendua. “Bertako produktua eta sukaldaritza tradizionala bultzatzeagatik” izango da Mahasti Jaun, eta Getariako Txakolinetik gogoratu dute “gure produktuak” sustatu dituela 2018an ere, Wiesbadenen (Alemania) eta Bordelen (Frantzia), besteak beste.

2009an sortu zen elkartea Aratz Erretegiaren bueltan, han bildu baitziren Xabier Zabaleta jatetxeko jabea zein hainbat kritiko gastronomiko: Josema Azpeitia, Mikel Corcuera, Peio Garcia Amiano eta Edorta Agirre. Gaur egun 29 kidek osatzen dute elkartea.

Euskal sukaldaritzaren platerak eta tradizioa mantentzen duten sukaldariak sustatzeko inguruko ekoizleekin egiten dute lan, 0 Km-ko eta jatorrizko produktuekin, hain zuzen ere. Era berean, elkartearen helburuak dira eskoletako jangelak indartzea eta elkarte gastronomikoetako lana nabarmentzea.

Aurtengo uzta

2018ko uztan 3.475.000 kilo mahats bildu eta, batez beste, 3.100.000 botila ekoiztu dira. Aurreko urteko uztarekin alderatuta, %10 egin du behera produkzioak.

Getariako Txakolinaren baitan egindako produktuaren gehiengoa (%90) txakolin zuria da, eta ia %10a gorria. Azken horrek gora egin du azken urteetan, Estatu Batuetako eta Ingalaterrako merkatuetarako egiten baita. Halaber, txakolin beltzaren ekoizpena anekdotikoa da.

Jatorrizko Deituratik adierazi dutenez, iazko urtea “konplikatua” izan zen klimatologikoki. “Ekaina bukaera arte jarraian egin zuen euria, landarearen loraldia zailduz; uztaileko hezetasunak eta egun lainotuek, berriz, gaixotasuna eragin zuten mahastietan, mildiua batez ere”. Udazken lehorrak mahats-bilketa “lasai eta era mailakatuan egitea ahalbidetu zuen”. Horren guztiaren ondorioz, aurreko urtekoekin konparatuz, gradu gehiagokoa izango da aurtengo mahatsa eta txakolinak 11,5º izango ditu, batez beste.

Salmentak gora

Getariako Txakolinaren datuek diote 2018an salmenta handitu egin zela, %2,5 2017arekin konparatuta. Gipuzkoa da gehien erosten duen eremua, eta Euskal Autonomia Erkidegoarekin bateratura, bertan egiten da salmenten %80a. Estatu mailan %10 saltzen da (Madril eta Bartzelonara gehien) eta beste %10 esportatu egiten da. Estatu Batuetan dago atzerriko salmenten %65a, Frantzian %10a, Ingalaterran %5a, Japonian %5a eta gainerako herrialdeetan %15a. Azpimarratzekoa da eskandinaviar herrialdeetan hazi egin dela salmenta.