Getariako Udalak kostako herrietara bideratu ohi den Itsaspen Programako diru-laguntza eskuratu du. Horrela, 175.020 euro jasoko ditu; udal ordezkarien esanetan, “diru-laguntza baliagarria”.

Izan ere, laguntza horri esker, Sahatsaga udal kiroldegiko berrikuntzaren bigarren faseari ekingo diote. Horren baitan, padel kantxa berria jarriko dute egungo harri-lubetako lur zatian eraikin berria eginda. Oraingo jokalekua libre geratuko denez, kiroldegi barruko espazioa hobeto aprobetxatzea da asmoa, erabiltzaileen beharrei “modu eraginkorragoan” erantzun ahal izateko.

Lehen faseko lanak amaitzear

Kiroldegi bueltan ez da obra faltarik, izan ere, joan den urtean hasi ziren honen berrikuntza lanetan. Udaletik jakinarazi dutenez, amaitzear da obren lehen fasea eta hauek dira erreformatu direnak: komun berriak eraiki dira, erabiltzaileen irisgarritasuna bermatzeko igogailua jarri da, aldagelak berritu eta handitu dira, harrera-gune berria egin da, muskulazio gela handitu eta hainbat makina berri jarri dira (eliptika, zinta…), ur zikinen eta euri uren banaketa egin da, eta instalazio elektrikoa eguneratu da.

Etorkizunera begira egindako inbertsioa

Padel kantxa berriaz gain, bigarren fasea amaitzeko kiroldegiaren fatxada nagusia berrituko dela iragarri dute. Horrekin batera, spinningeko bizikleta berriak jarriko dira.

Lan guztiak egiteko 500.000 euroko inbertsioa aurreikusten dute: “Inbertsioaren zati bat jada egina dago, eta gainerakoa aurten bertan egitea da asmoa”, azaldu dute udal ordezkariek. Eta gaineratu, “lan horiek amaituta, Getariak etorkizunean izango dituen beharrei ahalik eta egokien erantzungo dien kiroldegia izatea da helburu nagusia. Kirola eta kirolak dakartzan onurak denon eskura egon daitezen”.