Behin-behineko aurrekontuak onartzeko udalbatzarra egin zuten atzo arratsaldean. 3.702.000 euro pasako aurrekontuak aurkeztu eta behin-behinean onartu ziren, EH Bilduren aldeko zazpi bozkarekin eta EAJren aurkako hirurekin. Iazkoekin alderatuta, %1eko igoera izan dute gutxi gorabehera, hau da, ia 40.000 eurokoa.

Iker Azkue Ogasun zinegotziak aurrekontuen ardatzak hezkuntza, ingurumena, euskara, ongizatea, parte-hartzea, memoria historikoa, kirola, herriko taldeen mugimendua eta oreka finantzarioa zirela argitu zuen arlo bakoitzeko nobedadeak xehatu aurretik.

Hezkuntza

Orotara, 53.000 euroko gastua egingo da:

  • Auzoetatik eskolara haurrak ekarri eta eramateko autobus eta zaintza zerbitzura 5.200 euro gehiago bideratuko dira, izan ere, hazi egin da eskaria. Lehengoari gehituta, 23.000 euro erabiliko dira asmo horretarako.
  • Iturzaeta Herri Eskolaren mantenurako 12.000 euro gehiago erabiliko dira; 20.000 euro guztira.
  • Eskolako ataria edo jolaslekua berritzeko aurreproiektua idazteko 10.000 euro inbertituko dira.
Ingurumena

Herriko argiteria berritzeko azken urteetan egindako ahaleginari esker, kostua 14.000 eurotan murriztu da. Aurten ere, argiteria berritu eta energia-eraginkortasuna lortzeko 20.000 euro inbertituko dira.

Euskara

Euskara teknikari baten beharra dagoela nabarmendu eta, bigarren urtez, kontratatu egingo dela iragarri zuen, “lan dezente” duela gaineratuz.

Horrekin batera, berrikuntzarik izan ez arren, alor horretara diru dezente bideratzen dela azaldu zuen: 60.000 euro.

Ongizatea

Aurrekontu osoaren ia %8,5a bideratzen da arlo honetara, aurten 317.000 euro, zehazki. Azkuek azaldutakoaren arabera, “alor hau lehentasunezkoa eta oinarrizkoa da, dauden eskari guztiei ematen zaie erantzuna eta gure borondatea bide horretan jarraitzea da”.

Ekintza ezberdinetara bideratuko da dirua:

  • Etxez etxeko laguntzetarako 5.000 euro gehiago jarriko dira, eta poltsa horretan 105.000 euro egongo dira. Argitu zuen aurreko urteko eskarien arabera egiten direla kalkuluak.
  • Arriskuan dauden familia eta arreta psikologikoa behar dutenentzat 16.000 euro inbertituko dira, iaz baino 2.000 euro gehiago.
  • Ohiko gastuetan daude Gaztelekuaren kudeaketa, eskolako gurasoentzako prebentzio programa…
Parte-hartzea

Atal honetan Guztiok 1! aurrekontu parte-hartzaileetan agertutako herritarren ekarpenak ere sartu dituzte, hauek besteak beste:

  • Kale garbiketa orokor bat: 10.000 euro.
  • Espaloia Erruera eta Magallanes elkartzen dituen tartean: 20.000 euro.
  • Spinning bizikletak kiroldegian: 20.000 euro.
  • Surfeko etxola berritzea.

Horrez gain, beste parte-hartze prozesu bat iragarri zuen, ziurrenik herriko aparkalekuen gaia lantzeko. 10.000 euro bideratuko dira egitasmo horretara.

Parte-hartzeak, oro har, 70.000 euroko aurrekontua izango du.

Memoria historiakoa

Bi egitasmo ditu martxan Udalak: Lehen Frankismoa deiturikoaren lanketa eta Getariako itsasontzien hondoraketaren ingurukoa. Lehenengora 15.000 euro bideratuko dira eta bigarrengora 5.000 euro; guztira, 20.000 euro.

Gaineratu zuenez, horien argitalpenarekin Aranzadirekin duela hiru urte hasitako bideari amaiera emango zaio.

Kirola

Duela egun batzuk iragarri genizuen moduan, diru-laguntza bat lortu du Udalak eta horri esker, padel kantxa berria egingo da kiroldegiaren ondoan. Horrela, “barruko espazioa hobeto aprobetxatuko da eta funtzionamendua egokiagoa izango da”. Erreformak 250.000 euroko aurrekontua izango du.

Era berean, spinningeko bizikleta berriak jarriko dituzte.

Kultura

Ez da berrikuntzarik aurreikusten baina azpimararratu nahi izan zen herriko talde eta elkarte desberdinek egiten duten lana: “Herriko dinamikaren motorra dira”. Horrela, 150.000 euro banatuko dira guztien artean.

Inbertsioak

Aipatutakoez gain, hauek dira aurreikusten direnak:

  • Meagan egingo den aparkalekuaren urbanizazioa: 115.000 euro.
  • Sahatsagako etxebizitzak Potzuagarekin lotzeko bidea: 50.000 euro.
  • Herri bideak eta hauen konponketak: 10.000 euro.
  • Eraikin publikoen mantentze-lanak: 10.000 euro.
  • Katraponako kantina berritzea: 20.000 euro.
  • Udalaren artxiboaren mantenua: 8.500 euro.
Udalaren zorra

Bozketa hasi aurretik Udalak duen zorra 2019aren amaierarako 943.000 eurotara murriztea aurreikusten dela jakinarazi zuen Azkuek. Horrela, azken bi legegintzaldietan zorra %60 jaistea lortuko dela adierazi zuen, 2.286.000 eurokoa izatera ere heldu zela gogoratuz.

Horrekin batera, Udalak zorpetu gabe inbertsioak egitea lortu duela azaldu zuen.

EAJk, ezetz

Behin-behineko aurrekontuak aurrera atera ziren EH Bilduren aldeko bozkekin. EAJko hiru zinegotziek, aldiz, ezetz bozkatu zuten, honakoa azalduz: “Aurrekontuak ez ditugu ikusi eta ez da negoziatu nahi izan, alde batera utzi gaituzte lehen mementotik. Lanketa bat egingo dugu eta ikusiko dugu alegazioak sartuko ditugun”. Hala ere, aurrerantzean ere negoziaketen bidez akordioetara heltzeko prestutasuna agertu zuten. Bilduko ordezkariek ere, jarrera bera erakutsi zuten, jakinaraziz, eurek ere hainbat zuzenketa egiteko asmoa dutela.