Bi aste pasatxo dira Azpeitian Pumori. Mendiaren alaba filma estreinatu zutenetik. Aretoa bete egin zen bi aldiz; orain Getarian ikusteko aukera egongo da bihar emango baitute Iturzaeta Herri Eskolako aretoan. Emanaldia 19:00etan hasiko da.

Alex Txikonek Pumorira egindako igoera bat abiapuntu hartuta, 2001ean mendi hartan bizia galdu zuten bost gazte euskaldunen espedizioa kontatzen du filmak. Horietako bi eskualdekoak ziren. Istorioa Suku Maya protagonistaren bizitzak harilkatzen du; Maya gazte euskaldunek Nepalen ezagututako neskatila da eta gaur egun Aizarnan bizi da. Biharko emanaldian izango da eta aurkezle lanak Unai Ugartemendiak egingo ditu.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, sarrera 5 euro kostako da eta leihatila 18:00etan zabalduko dute. Biltzen den dirua SOS Himalaya fundazioarentzat izango da.