Duela hilabete batzuk iragarri bezala, Getariako Udalak salgai jarriko ditu Balenciaga kaleko 16 garaje. Lur azpiko bigarren solairukoak dira, 59. zenbakitik 74. zenbakira artekoak. Plaza bakoitzak 21.160,70 euro balio du, BEZa barne.

Oinarrietan onartutakoaren arabera, garajea erosi ahal izateko beharrezkoa da Getariako bizilaguna edo herrian kokatutako jarduera komertzial, profesional edo industrialen baten titularra izatea. Bestalde, ezgaitasundun pertsonentzat gordetako plazetarako, mugikortasun baremazioan A, B edo 7 nahiz gehiago izan beharko da.

Esleipena egiteko garaian, lehentasun taldeak egongo dira: Getarian bizi diren ezgaituek osatuko dute lehen taldea, bertako bizilagunek bigarrena, profesionalek hirugarrena eta beste interesatu guztiek laugarrena.

Martxoaren 1era arte aurkeztu ahal izango dira eskariak udaletxean. Ondoren behin-behineko zerrenda argitaratuko dute, eta 15 eguneko epea izango da zuzenketak proposatzeko.