Cristobal Balenciaga Museoa itxita dago egunotan, baina barruan lanean dabiltza, bai erakusketa berria prestatzen bai programazioa lantzen. Azken horren baitan, Goi-mailako joskintzako tekniketara hurbilduz ikastaroa eskainiko du martxoaren 29tik 31ra. Aste honetan, ostegunean, amaituko da horretan izena emateko aukera.

Javier Martin Delpozo arropa markako kidea izango da irakaslea eta antolatzaileek azaldu dutenez, “Balenciaga etxeetan erabilitako joskintza-metodo zehatzen erakustaldia egingo da, eta parte-hartzaileei horien inguruko gaitasun praktikoak izan ditzaten, zenbait modelo egiteko proposatuko zaie”.

Gehienez, 20 parte-hartzaile onartuko dira ikastaroan; interesa dutenek Museoak webgunean jarritako formularioa bete behar dute baita motibazio gutuna bidali ere.

Erakusketa berria

Martxoaren 1arekin irekiko dute erakusketa berria Testuinguruak izenburupean. Datorren urteko urtarrilaren 12ra arte egongo da ikusgai  eta “hautatutako piezek Balenciagaren sormenezko prozesuari buruz hitz egiten dute: forma nola aztertzen duen, teknika menderatzean eta ehunean oinarrituta; jantzietan silueta berriak eta, horiekin batera, feminitatearen ideia berriak nola sartzen dituen; eta haren lanaren bereizgarri den perfekzionamendu ebolutiboa, maisuaren ibilbidean zeharreko etengabeko aurreratze-zikloan”.

Sei aretotan banatuta, 1.000 metro karratu inguru hartuko ditu erakusketak. 80 jantzi izango dira, “gehienak lehenago erakutsi gabeak”. Teknologiak ere lekua izango du, digitalizatzearen bidez interaktibitatea erraztuko delako, piezen xehetasunak ikusteko aukera emanez.

Bisitariak gora

Museoak 53.000 bisita izan zituen 2018an, aurreko urtean baino %4 gehiago. Ondorioz, lau urtez jarraian hazi egin da bisitarien kopurua. Horien %52a atzerritarrak dira, %24 EAEkoak (%12 gipuzkoarrak) eta %24 Estatukoak.