Sare sozialetako bideo bat tarteko, hainbat herritarrek badakizue zerbait, baina kontatu egin nahi dizuegu: Artzape Euskara Elkarteko kideok izena eman dugu Euskararen Ginkanaren 6. edizioan. Ekoguneak “euskaraz eta euskararekin dibertitzeko” antolatzen du taldekako lehiaketa hori, eta Euskaltzaleon Topaguneak koordinatzen du.

Aurtengo gaia hizkuntza-praktika ekologikoak dira, eta dagoeneko bi aste daramatzagu horri lotutako probak burutzen. Mementoz ongi doakigu, eskura zitezkeen puntu guztiak irabazi baititugu, 22 hain justu. Dena den, lehen fasea amaitzeko beste hiru zeregin gainditu behar ditugu, eta adi egon, agian zuen laguntza ere beharko baitugu.

“Hau guztia zertarako?”, pentsa dezakezue. Antolatzaileek diote lehiaketaren helburua dela “herritarren artean hizkuntzekiko sentiberatasuna eta euskararen erabilera sustatzea”. Bat egiten dugu asmo horrekin, baina, tira, aitortu beharko ARTZAPErentzat 3.000 euroko saria eskuratzeko asmoz apuntatu garela.