Aurrerapausoak ematen ari da pixkanaka Mundubira 500 Elkano Fundazioa. Egunotan nabariagoa da, besteak beste, lokala egokitu dutelako Elkano kalean (Xixilirenean). Getariarrei Fundazioaren berri eman eta hauen ikuspegiak elkarbanatzeko, aurkezpen ekitaldia egingo dute ostegunean, otsailak 14, 18:30ean, udaletxeko areto nagusian.

Ekitaldian parte hartuko dute Nika Lertxundi alkate eta Fundazioko lehendakariak zein lantaldeko hiru kideek, Ion Irurzun zuzendariak, Rafael Zulaika proiektuen koordinatzaileak eta Alaia Berriozabal proiektuen teknikariak. Irurzunek adierazi duenez, “Fundazioaren asmoak, ideiak, ardurak eta mugak herriarekin konpartitu eta kontrastatu nahi ditugu”. Horrela, Fundazioak Elkanoren lehen mundubirarekiko egiten duen hurbilketa azalduko dute, bide batez Fundazioaren zergati eta lan egiteko moduei erreparatuz.

“Lokaletik abiatuta, nazioarte mailaraino”

“Fundazioaren sorrera herri mailan izandako parte-hartze prozesu luze baten ondorioz eman zen, eta horregatik lankidetza gune bat bezala jardun behar du, bere helburuek hala eskatzen dutelako”, adierazi dute. Lankidetza hori maila ezberdinetan egiteko asmoa dute, “lokaletik abiatuta, nazioarte mailaraino”.

Horri lotuta, Udalak gaiaren inguruan bultzatutako parte-hartze prozesuan jaso zituzten ekarpenak emango dizkiote osteguneko ekitaldian Fundazioko lantaldeari. Horiek aztertu ondoren, herritarrekin elkarlana sustatuko dute berriro, egitasmoetan sakontzeko.

Dena den, osteguneko ekitaldiaren tarterik handiena herritarren zalantzak argitu eta iradokizunak jasotzeari eskaini nahi diete. Horregatik, getariarrei ekitaldi irekian parte hartzeko deia egin diete.

Hainbat erakundek osatutako fundazioa

Erakunde ezberdinek osatzen dute Elkano Fundazioa: Getariako Udala, Urola Kostako Udal Elkartea, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza. Aholkularitza batzordea ere badu, “lortu nahi diren asmoekin bat datozen proposamenak egitea helburu duena”. Horrekin batera, batzorde zientifikoa osatzen ari dira, eduki akademikoak arautzeko.