Mundubira 500 Elkano Fundazioaren jendaurreko aurkezpena egin dute gaur arratsaldean udaletxeko batzar aretoan. Jakin-mina piztu du ekitaldiak, bertan izan baitira, hedabideez gain, hamarnaka herritar.

Azaldu dutenez, duela urtebete inguru sortu zen Fundazioa baina oraintsu arte ez da osatu lantaldea. Ion Irurzun da zuzendaria, Rafael Zulaika proiektuen koordinatzailea eta Alaia Berriozabal proiektuen teknikaria. Aste batzuetatik hona Elkano kalean, Xixilindute bulegoa. Adierazi dutenez, hasieratik nahi izan zuten kalean egon, herritarrekiko gertutasunagatik.

Ondarea uzteko nahia

2019tik 2022rako tartean ospakizun eta goraipamenetan baino, begirada ezagutzan eta gizarteratzean jarri nahi dutela azpimarratu dute. Izan ere, errelato ezberdinak daudela aitortuta, “getariar” zein “heroi eta antiheroi” ideietatik harago, “itsasgizon trebea”ren irudian piztu nahiko lukete interesa. Hori jorratzeko batzorde zientifikoa (ezagutzarako) eta aholkularia (proiektuak bideratzeko) ere baditu Fundazioak.

Bide horretan duela 500 urteko bizimodua eta gaur egungoa lotu ditzaketen lau gai identifikatuta dituzte: elikagaia eta jasangarritasuna, itsasoaren zaintza, garapena eta bere ondorioak, eta pentsamendua. Dagoeneko hainbat proposamen aztertzen hasita daude.

Argi dute egiteko hori elkarlanarekin izango dela emankor, izan ere, Fundazioak ondare bat utzi nahi du 2022an desagertzen denean.

Herritarren parte-hartzea

Duela urtebete Elkanoren inguruan egindako parte-hartze prozesuan jasotako ekarpenak eman dizkiete Nika Lertxundi alkateak eta Aitor Urresti EAJko bozeramaileak Fundazioko kideei. Hauek aurreratu dute denek ez dutela lekurik izango proiektuan baina gauzatu daitezkeenak batera garatuko dituztela.

“Herri mailan zer egin dezakegu?”, bota du bertaratutako batek galderen txandan. “Geurea den historiari leku gehiago eman, jabetu, ezagutu, gozatu”, izan da erantzunetako bat.

 

Lotutako albisteak: