?Getariako EH Bilduk birritan esan duen bezala, 2019ko Udal Hauteskundeen ardatz nagusietako bat Herri Programa da, bertan jasoko baitira hurrengo 4 urteetan herrian garatuko ditugun egitasmo desberdinak. Hasieratik aipatu dugu gainera, Getaria getariarren eta Getariako eragile desberdinen behar eta iritzietatik abiatuta eraiki nahi dugula; jakintza kolektibo hori herria egokien irudikatzen duen altxor preziatua baita.
?Aipatutako ezagutza guztia gureganatu eta hurrengo 4 urteetan Getariako EH Bilduk Udalean aurrera eramango dituen egitasmo zehatzei forma emateko, abenduan, “hariz hari Getaria harilkatzen” dinamika parte-hartzailea jarri genuen martxan. Bi hilabete pasatxo eta gero honako erradiografiarekin aurkitzen gara:
Getariako eragile ekonomiko, sozial eta kultural ia guztiekin bildu gara. Herriko 26 talderekin eseri eta bertan aktiboki parte-hartzen duten 63 lagunen behar eta iritziak zuzenean jaso ditugu. 126 proposamen izan dira helarazi dizkigutenak.
Herritarren iritziak zuzenean jasotzeko hainbat Bilera Ireki egin ditugu eta asko izan dira jaso ditugun proposamenak.
▶Eta guzti honi gehitu diogu gainera, gaur egun hautetsiak direnek pasa dizkiguten proposamenak eta udaran zehar 250 lagunek idatziz eman zizkiguten hamarnaka ideia.
?Dinamika honetatik ateratzen ditugun ondorioak honako hauek dira:
✅Eragileekin egin ditugun bilera guztiak oso aberatsak izan dira.
✅Beraiekin pasa ditugun ordu guztiek Getariako herria bere osotasunean irudikatzeko balio izan digute. Hau da, ostalari, dendari, arrantzale, baserritar, kirolari, gazte, pentsionista etab. beharrak zuzenean ezagutu eta jaso ditugu.
✅Izan ditugun zuzeneko harremanek elkar-ezagutu eta konfiantza eraikitzen joateko urratsa izan dira.
✅Osatuko dugun Herri Programa behetik gora eta Getaria herri bizia egiten duten eragile eta norbanakoen parte-hartzetik egindakoa izango da; bete-betea.
Proposamenek herriko arlo guztiei erantzuten die: Pertsonon beharrak, euskara, hirigintza, hezkuntza, emakumeak etab.
?Jada dugun guztiari forma emateari ekin diogu. Horretarako gainera gaur egun hautetsiak direnak, hurrengo 4 urteetan izango direnak eta Hauteskunde batzordean lanean ari diren Getariarrekin lan-talde zabal bat osatu dugu eta Herri Programaren erredakzioari ekin. Azken urratsa, martxoan, guztia Bilera Ireki batean aurkeztu eta onartzea izango da.