2016an memoria historikoaren inguruko lanketan hasi ziren Getariako Udala eta Aranzadi Zientzia Elkartea. Asmo horren baitan gauza ezberdinak egin dituzte, besteak beste, “testingantzak jaso eta artxiboak ikertu”. Azken fase honetan, ekintzen bitartez islatuko dute lanketa hori.

Igandean, martxoaren 3an, egingo dute lehena: Gerra Zibilean borrokatu eta errepresioa jasan zuten guztiei omenaldia egingo zaie, 12:00etatik aurrera, Katxapon. Haiek bizitakoa gogoratzeko plaka bat eta ikurrina jarriko dira.

Ekitaldia getariarrei zuzenduta dago eta behar dutenek taxi zerbitzua erabili ahal izango dute 11:00etatik aurrera. Itsasargirano igoko da autoa.

Ekitaldia hilerrian eta liburua

Aurrerago beste ekitaldi bat egingo da hilerrian, baina oraindik data zehazteko dago. Bertan fusilatutakoak izango dituzte gogoan. Amaitzeko, jasotako testigantza eta datuak liburu batean argitaratuko ditu Aranzadi Elkarteak.