Atzo, 11:30 aldera, adin ezberdinetako herritarrek hartu zuten Katxaporako bidea. Kirol arropak jantzi eta goraino oinez igo ziren batzuk, Udalak jarritako autobus zerbitzuan besteak. Denek zuten helburu bera: 1936 eta 1945 urteen artean frankismoaren aurka borrokatu zein haren errepresioa jasan zutenak gogoratzea, omentzea.

Asmo horrekin antolatu zuen ekitaldia Getariako Udalak. Horrela, gainera, amaiera eta espazio publikoa eman zion memoria historikoa berreskuratzeko Aranzadi Zientzia Elkartearekin azken hiru urteetan egindako lanari.

Urteekin hain agerian geratu ez diren errealitateak ezagutzeko aukera eskaini zuen ekitaldi hunkigarriak, bai bertan parte hartu zutenengatik bai bertaratu zirenengatik. Izan ere, haurrak zirela gerra bizi behar izan zuten hainbat herritar eta familian garai hartan desagertutako norbait zutela gerora jakin duten zenbait elkartu ziren Katxapon.

Erakundeetako ordezkariak ere bertaratu ziren: Udaleko bi alderdietako zinegotziak, Maribel Vaquero Gipuzkoako Foru Aldundiko Bizikidetza eta Giza Eskubideetako zuzendaria, eta Aintzane Ezenarro Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria.

Testigantzak ardatz

Egitasmo honen baitan herritarren ahotik jasotako testigantzak irakurriz hasi zuten ekitaldia Itsaso Ezenarro eta Maitane Subijana getariarrek:

 

 

Iker Azkue zinegotziak hartu zuen hitza eskerrak eman eta omenaldia egun horretan egitea arrazoituz: “Martxoaren 5ean, asteartean, beteko dira 82 urte Matxitxakoko gudutik. Bataila horretan eta gudarostean 150 getariarrek hartu zuten parte”.

Herri bezala Getarian lantzeke zegoen gaia dela aitortu zuen, baina heldu behar zitzaiola “gure historia hurbila guztiok ezagutzeko, baita belaunaldi berriek ere, baina batez ere, garai hura bizi izan zutenei zor zaielako, hemen daudenei eta ez daudenei”.

Aranzadirekin elkarlanean

Duela hiru urte hasi zuten memoria historia berreskuratzeko elkarlana Getariako Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak. Eneko Sanzek hartu du horren ardura eta atzoko ekitaldian azaldu zituen lanaren nondik norakoak: “Jendeak agian esango du berandu gabiltzala. Hala ere, indarrean jarri behar dugu egindakoa, orain zelako testigantzak hartzeko azkeneko aukera. Eman dutenak umeak ziren orduan, baina oso argi zeukaten eta etxean askotan entzuna zuten zeintzuk izan ziren beraien familiek jasandakoak”.

Zehaztu zuenez, ikerketaren bidez saiatu dira plazaratzen nolakoa zen gerra aurreko Getaria, gobernua, politikak, eta zein esanahi izan zuen Errepublika iristeak. Gerra heltzeak zer eragin zuen ere jaso dute landutako txostenean. Testuingurua finkatuta, gerraren ondorioetan zentratu dira: “Jendeak esaten du gerra 1939an bukatu zela. Ez, jazarpenak iraun zuen; saiatu gara liburu honen bitartez ahalik eta pertsona gehienen izenak pilatzen eta jasandako jazarpenak azaltzen”.

 

Lanketa horretan Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ere lagundu dute.

Isiltasuna

Oroigarria erakutsi eta ikurrina igo aurretik, Nika Lertxundi alkateak testu bat irakurri zuen, azalduz ekitaldiarekin “izen-abizenak dituzten getariarrak omendu” nahi zirela. “1936ko uztailaren 18ko Francoren altxamendu faxista eta ondorengo urteetako diktadura gogorra jasan zuten herritarrentzako omenaldia da gaurkoa: eusko gudarostean eta Euzkadiko Gudontzidian aritutako gudariak, Errepublikako milizianoak, erbesteratuak, emakume eta haur kanporatuak, epaiketa militarrak jasan eta preso egondakoak, kontzentrazio eremuetan egondakoak, lantokietan depuratuak, multatuak, enbargatuak, zigortuak, beren ama hizkuntza hitz egitea galarazi zietenak, umiliatuak, ilea moztu zietenak, seinalatuak, dena galdu zutenak, guztiak izen-abizenak zituzten getariarrak”.

“Ezer gabe etsaien aurrean altxatu eta justizia eta askatasunaren alde onena eman zuten. Dena jarri zuten arriskuan, etorkizun pertsonala, familia, ondasunak, erosotasuna…; askotan guztia galduz, baina inoiz ez duintasuna”, nabarmendu zuen. Urte askoz isiltasuna nagusitu bada ere, adierazi zuen horrek ez duela ahaztea esan nahi: “Itzul diezaiegun jaso genuenaren zati txiki bat. Gertatutakoaren memoriak pisu garrantzitsua izan behar du belaunaldi berrientzat, mendekua, krudelkeria eta mina ekarri zituen diktadura luze baten tragedia berriro ez errepikatzeko”.

Ondoren, ekitaldian parte hartu zuten guztiak Katxaporen ertz batera hurbildu eta oroigarria bistaratu zuen Lertxundik. Honakoa dio: “Getariako herriaren oroigarria 1936ko uztailaren 18ko Francoren altxamendu faxistaren aurka borrokatu eta errepresioa jasan zuten getariar guztien omenez”. Horrekin batera ikurrina goratu zuen, Gazte Alaiak txistulari taldekoen doinuak lagunduta. Gure Txeruko kide bat ere bertaratu zen dantza bat eskaintzera.

Amaitzeko Eusko gudariak abestu eta Gora Euskadi! oihuak bota zituzten.

 

Lotutako albisteak: