Urtarrilaren amaieran eman genuen izena Euskararen Ginkanan. Argi genuen, eta dugu, helburua: dirua lortzea Artzape Getariarron Topaguneak aurrera jarrai dezan.

Astez aste proposatu zaizkigun ariketak egin ditugu, tartean zuei laguntza eskatuz. Eskerrik asko eskatutako bakoitzean baiezkoa eman diguzuen guztioi, zuek gabe ez ginatekeen finalerako sailkatuko!

Bai, ongi irakurri duzue: finalera heldu gara. Larunbatean jokatuko dugu, 11:30etik aurrera, Donostiako Tabakaleran. Harriberri Oletako Gurasoen Euskara Batzordea, Amets Gaiztoak eta Kurutziaga Ikastolako Euskara Taldea izango ditugu lehiakide. Ekitaldi irekia da, beraz, nahi duena joan daiteke ikustera (hor doa gonbita, dugun urduritasun eta lotsa punttuak datu hori ezkutatzeko bulkada eragiten badigu ere).

Batek daki zer gertatuko den finalean, dakiguna da bost proba gauzatu behar ditugula. Gero gerokoak. Besterik ezean, egindakoak emandakoarekin geratuko gara, ikasitakoarekin: euskara kalean sentitzen eta bizitzen da. Beraz, Artzapetik euskara kaleratzeko ahaleginean jarraituko du.