Gaur goizean jokatu dugu Kutxa Ekoguneak eta Euskaltzaleon Topaguneak antolatutako Euskararen Ginkana lehiaketaren finala Donostiako Tabakaleran. Artzape Euskara Elkarteko kideok, batzuk urduriago besteak lasaigo, jakin-minez bertaratu gara. 11:00etan beste taldeekin batu, eta askoz datu gehiagorik gabe, ordu erdi beranduago ekin diogu lehiari.

Euskararekin, hizkuntza-ekologiarekin eta arnasguneekin lotutako bost proba gauzatu behar izan ditugu. Amaieran, 14 puntu eskuratuta, bigarren sailkatu gara. Lehen postua eta 3.000 euroko saria Donostiako Altza auzoko Harriberri Oletako gurasoen euskara batzordearentzat izan da. Azaldu dutenez, euskararen arloan asko dago egiteko eskolan zein auzoan; horretarako erabiliko dute saria. Zorionak eta animo, beraz!

Artzapeko kideok pozik gaude lortutakoarekin, izan ere, eguneroko jardunarekin jarraitu eta gainera, honelako lehiaketa batean bigarren geratzea, ez da huskeria.

Azken proban puxikak puzten arnasa gutxitu bazaigu ere, ez gara guztiz hustu eta jarraituko dugu Getariak arnasgune izaten jarrai dezan gure airea eskaintzen.