Getariako EAJ-PNVren Udal Taldeak 18 neurri, plangintza eta proiektu berri proposatu dizkio EH Bilduren udal gobernuak aurkeztutako aurrekontu proiektuari. Aitor Urresti bozeramaleak eman ditu ezagutara emendakinak adieraziz “EH Bilduk aurkeztutako aurrekontu proposamenak ez dio herriaren beharrizanei aurre egiten. Ez dute oinarririk, ezta sendotasunik ere. 8 urte hauetako aurrekontu eskasenetakoa dela deritzogu, eta hori kontuan izanda bi legealdiotan ezer gutxi egin dela herrian”.

“Jeltzaleok herriarekiko duten konpromisoa oinarri, ideia eta proiektu berriak gauzatu nahi ditugu -nabarmendu du Urrestik-. Jarrera eraikitzailearekin eta alderdikerietatik urrun, Getariarren ongizatea dugu jomuga eta EH Bildurekin elkarlanean beren aurrekontua hobetzeko jarduera sorta helarazi diegu, legealdi osoan egin bezalaxe”.

Getariako EAJ-PNVren oinarrizko ardatzak dira Getariako ekonomiaren garapena eta herritarren ongizatea bermatzea, beharrezko zerbitzuak eta azpiegiturak eskainiz, gure nortasuna zainduz eta herritarrekin bat lan eginez. “Orainari erantzun eta etorkizunaren zimenduak ezartzeko helburua oinarri”. Horien baitan honako proposamenak aurkeztu dizkiote jeltzaleek EH Bilduren Udal Gobernuari:

Getariako entitateentzako diru laguntza gehiago. Egungo laguntzetatik osatu beharrekoak:

  • Keta: Dirulaguntza handitzea eskatu dute jeltzaleek 3.100 eurotan aurtengo ekitaldiko beharrei aurre egiteko.
  • Musika Banda: 3.000€.
  • Getariako Salbatore abesbatza 1.000€.
  • Baita beharra duten beste hainbat talderenak ere osatzeko konpromisoa.

Elkanoren 500. urteurrena: EH bilduren aurrekontu proposamenean ez dago Elkanoren mundu biraren inguruko diru-partidarik. “Ikusita Getaria urteurren honen erdigune izango dela eta behar duela izan, beharrezkoa ikusten dugu 40.000 euroko oinarrizko partida bat egotea 2019ko aurrekontuan. Herri jarduerak, proiektu ezberdinak, etorkizuneko azpiegiturak… lantzeko. Legealdi osoan ez da honetarako dirurik bideratu, eta herriaren garapen ekonomiko eta soziala bideratzeko ezinbesteko proiektua da”.

Turismo plana: Turismo plan bat bultzatzea beharrezkoa dela argi dago jeltzaleen iritziz. “Erabat argia da bizikidetza arazo bat dugula Getarian herritar eta turismoaren artean, eta honi erantzun bat eman behar diogu ahal bezain pronto, era ordenatu eta jasangarrian. Horrez gain, sektoreak dituen beharrizanak zehatz ezagutu eta erronka berriei aurre egiteko prestatu behar dugu”. 15.000 euroko partida bat eskatu dute plana garatzeko.

Kale garbiketa: oinarrizko zerbitzua da eta azken urteetan zerbitzua erdizka ematen ari da Udala Getariako EAJren ustez. “Beharrezkoa da Getaria garbi mantendu eta herritarrak kontzientziatzeko esfortzu eta beharrizanekin bat doan inbertsioa burutzea esfortzu handiagoa egin behar dela iruditzen zaigu”. 15.000€ bideratzea proposatu dute.

Getaria-Zarautz pasealekuko altzariak berritzea: “aurreko urtean ere aipatu genuen pasealeku honetako altzariek beharrezkoa zutela aldaketa, momentu honetan egoera txarrean baitaude. Aurten ere berriz eskatzen dugu ez baita bete aurreko urtean aipatutakoa”.

Elkano kaleko zenefa ezartzea: “beharrezkoa da lan hauek aurrera eramatea, herritarren mugikortasuna eta irisgarritasuna ahalbidetzeko segurtasun berme guztiekin”. 40.000 euroko partida aurreikusi dute lan hauetarako.

Memoria, egia, justizia eta erreparazioa: 10.000 euro bideratzea proposatu dute jeltzaleek plangintza honetara: “memoria historikoaren amaiera prozesu batean sarturik dago, beraz memoria hurbileko lanketa aurrera pausoak emateko beharrezkoa dela deritzogu”.

Herri bideak: “Beste urtetako partidak mantentzea eskatzen dugu, gure ustetan badaude hiru herri bide beharrezko dutena zaindu eta moldatzea”. 30.000€ aurreikusi dituzte.

Gaztedia: “Beste behin ere gaztedia sailak ez du partidarik izango EH Bildurekin. Administrazio publikoak askotan ahazturik duen kolektiboa dela iruditzen zaigu eta sail honek partidarik ez badu ezer gutxi egin daiteke zuzenki gazteriari begira”. Beraz, gutxieneko 3.000 euroko partida bat beharrezkotzat dute jeltzaleek, “gure herriaren etorkizuna sustatzeko”.

Kirol materiala gordetzeko gela bat egokitzeko. 6.000€.

Surf-eko lokal beharrezkoak dituen obrak egiteko 10.000€.

Alde zaharreko eskailerak eraberritzea: Txamoeneakoak, Elkano-San Roke kantoia… esaterako. 10.000€.

Herriko merkataritza bultzatzeko 2.000€. Helburu da bertako produktuak ezagutarazi, beren kontsumoa bultzatu eta herriko merkataritza sustatzea, herriaren bizitasuna mantenduz.

Agirre lehendakariaren plazatik, krixketaneko iturrigerako pasabiderako proiektua garatzea. Horretarako 5.000 euro bideratu nahi dituzte.

Magallanes kalearen berritze proiektuaren idazketa. 10.000€.

Spiningeko bizikletez gain, kiroldegian egoera txarrean dauden elementu guztiak aldatzea.