Udalbatzarra izan zen atzo arratsaldean, lantzeko bi gairekin: Sahatsaga Goiko babestutako eta tasatutako etxebizitzetako esleipendunen behin betiko zerrenda eta 2019ko udal aurrekontua. Lehenari lotuta, azaldu zuten aurkeztutako zuzenketa gutxiak batzordean landu zein bi zerrendatan zeuden hautagaiak ordenatu zirela. Aho batez onartu zuten zerrenda.

Aurrekontuak zeresan gehiago eman zuen. Urtarrilarren amaieran aurkeztutakotik ia 126.000 euroko hazkundea izan du, eta bi alderdiek aurkeztutako emendakinak txertatuta, ia 3.830.000 euroko aurrekontua onartu zuten 2019rako. Iker Azkue Ogasun zinegotziak azaldu zuenez, “kostuaren gehikuntza hori estaltzeko diru iturri berriak bilatu behar izan dira eta Balenciaga kaleko lur azpiko garajeen salmenta horretarako izango da”. Gainera, azken hilabetean Aldundiaren Foru Funtsaren likidazioa egin da eta 110.000 euro gehiago etorriko dira hortik.

Emendakinak

Azken asteotan bi alderdiek aurkeztu eta adostutako emendakin garrantzitsuenak aipatu zituen Azkuek, argituz batzuetan diru kopuruak doitu direla eta besteetan handitu. Horrez gain, inbertsio berriak sartu dituzte.

  • ARTZAPE aldizkariari 12.000 euro.
  • Euskararen inguruan kale neurketa egiteko 4.000 euro.
  • Turismo plan estrategikoa idatzi eta aurrera eramateko 12.100 euro.
  • Mundubira 500 proiekturako, Elkano Fundazioari emandako 14.000 euroez gain, 20.000 euro egitasmo desberdinak finantzatzeko.
  • Kulturetxea, udaletxea eta frontoia margotzeko 20.000 euro.
  • Argiteria berritzeko 30.000 euro.
  • Herri bideak konpontzeko 20.000 euro.
  • Spinningeko bizikletak eta beste makina batzuk berritzeko 30.000 euro.
  • Kale garbiketarako 15.000 euro.
  • Memoria historikoaren azken urteetako lanketa garatzeko 10.000 euro.
  • Gazteria sailerako 3.000 euro.
  • Surfeko lokala berritzeko 10.000 euro.
  • Herriko merkataritza dinamizatzeko 2.000 euro.
  • Agirre Lehendakariaren plazatik Krisketaneko Iturigainera doan eskailerako baranda konpontzeko 7.000 euro.
EAJren proposamenak

Behin behineko aurrekontuak aurkeztutakoan aztertzeko tarterik izan ez zutelako balorazioa egiteari muzin egin ziela aitortuta, prozesu osoaz aritzeko aprobetxatu zuen Aitor Urresti EAJko bozeramaileak bere lehen hitz-hartzea. Aurrekontuak urtean bertan lantzen hasi beharrean, urte bukaeran zirriborro bat izatea eskatu zuen, gaineratuz aurtengoa “korrika eta presaka” egin zela.

“Harrigarri eta lotsagarri” deritzo gobernuak bere aurrekontuari 22 zuzenketa egitea: “Urteko lege garrantzitsuena da eta posizioek oso irmoak izan behar dute, ezin da egun batetik bestera aldatu”. EAJk 18 zuzenketa aurkeztu zituen. Horri erantzunez, zuzenketa epea bi alderdientzat zela argitu zuen Azkuek.

Euskara teknikariaren jarduna kritikatu zuen Urrestik: “Urtebetean 18.000 euro ordaindu zaizkio eta egin beharrekoetatik bakarra egingo zuen, euskararen inguruko plan orokorra”. Figura horren beharra eztabaidagarria iruditzen zaiela adierazi zuen. Era berean, kultura arloan elkarteen garrantzia berretsi zuen eta kargu hartu hala izanik, batzuei laguntzak berandu iristen zaizkielako.

Amaitzeko, parte-hartze prozesuen bitartez EAJk urteetan aurkeztutako proiektuak onartu izana positiboki baloratu zuen, baina mesfidantza agertu zuen: “Kasualitatea izango da baina prozesu horretan onartu diren ekintza guztiak guk proposatutakoak dira. Lau urteetan proposatu ditugun ekintza ezberdinak hartu eta sartu dituzue”. Geroago, ironia erabili izana aitortu zuen.

Balorazioa azaleratuta, abstenitu egingo zirela aurreratu zuen. Hala egin zuten bozketan eta aurrekontua EH Bilduko zazpi zinegotzien baiezkoekin onartu zen.

Lotutako albisteak: