Udal langileak Herrerieta kaleko farolak edo hauen argiak aldatzen ikusi ahal izan ditugu azken egunetan. Badira urte batzuk herriko argiteriaren eraginkortasuna aztertu zutela; zeuden arazoak konpondu eta sistema hobetzeko LEDera pasatzen ari dira pixkanaka.

Hasieratik bi zatitan banatu zuten herria: alde zaharra eta errepidetik gorakoa. Udal langileek ARTZAPEri azaldu diotenez, parte zaharreko utzi, eraikinen harri koloreagatik, eta goiko aldeko kaleetan hastea erabaki zuten. Horrela, duela bi urte Sahatsagako argiak aldatu zituzten.

Iaz eraikinetako eraginkortasunean zentratu ziren, neurri batean kaleko berrikuntzak alde batera utziz. Aurten, biekin ari dira, eta esaterako, Eskualtxeta eraikineko argiak aldatu eta zuriagoak jarri dituzte. Kaleari dagokionez, Herrerietan farola batzuk berritu dituzte eta barruko argia bakarrik besteetan. Oraingoz, kalearen behe alderaino egingo dute: “Beste lehentasun batzuk agertu dira, adibidez, frontoia eta horren atzealdea argiztatzea”.

Gaztetape eta Malkorbe

Hondartza inguruetan ere argiteria aldatu nahi da baina espaloiak zabaltzea komeni da, mugikortasun araudiaren arabera bi metrokoak izan behar dutelako. Horretarako, ordea, farolak petril gainera igotzea komeni da, beraz, azterketak egiten ari dira.

Igoera aurrekontuan

Udalak azken urteetan aurrekontuaren zati bat bideratu du argiteria berriztatzera. Aurten ere badu partida eta igoera izan du behin behineko aurrekontutik behin betikora. Ondorioz, 2019an 30.000 euro erabiliko dituzte asmo horretarako.