MOILAko EREMUA eta IRISGARRITASUNA

Azken urteetan, Getariaren egunerokotasuna moilako eremutik urrunduz joan da. Errepidetik gora bizi dira getariar gehienak, etxe-promozio berriak ere mendiari lekua hartuz egiten dira, eta herritarrontzako zerbitzu gehienak ere, herrigunetik gora daude: eskola, kiroldegia, anbulatorioa, haurtzaindegia, eguneko zentroa eta beste hainbat.

Hori dela eta, moilarekin betidanik izan dugun lotura natural hori ahulduz joan da, pixkanaka. Beraz, betiko lotura horri eutsi nahi badiogu, ezinbestekoa da moilan dauden eta egun erabilerarik ez duten zenbait eraikinen etorkizunari buruz hausnartzea.

Hauek dira EH Bilduren proposamenak datorren legealdirako:

  1. NAUTIKO ERAIKINA. Udalak du eraikin honen jabetza, eta, dagoeneko hainbat urtetako kontzesioa amaitu denez, aukera paregabea dugu eraikin horretan herritik eta herrirako sortutako proiektuak bideratzeko.

    Gure kultura, ohiturak, hizkuntza, arrantza eta itsasoarekiko ezagutza bultzatuko eta indartuko dituen ekimen edo proiektu berriak, Nautiko eraikinean garatzea proposatzen dugu.

  2. KOFRADIA ZAHARRA eta TINTALEKUA. Bi eraikin hauen jabetza ez da Udalarena, baina horien kudeaketan esku hartzen dugun erakunde eta eragileok elkarrekin eseri behar dugu, eraikinen etorkizunari buruz hitz egiteko. Egun, egoera penagarrian aurkitzen dira, baita nolabaiteko blokeo-egoera batean ere. Urteak pasatu ahala, geroz eta okerrago daude, eta denok dakigu zerbait egin behar dela egoera hori hobetzeko.

    Guk, EH Bildutik, beti defendatu izan dugu herritarrek ere badutela zeresana gai hauen inguruan, bai eta zer erabakia ere. Askotariko proiektuak gauzatu daitezke eraikin hauetan, eta horiek guztiak aztertzeko prest gaude, beti ere herritarren iritzia oinarri hartuta.

  3. BISTA ONA – KATRAPUNA PASEALEKUA eta IGOGAILUA. Legegintzaldi honetan aztertu da pasealeku hau egiteko aukera; aurreproiektua egina dago, beraz. Pasealeku honen bitartez, Bista ona parkea eta Katrapunako plaza lotuko lirateke, eta, horrez gain, moilatik Katrapuna plazara igotzeko igogailua jartzeko aukera egongo litzateke.

    Bi gune horiei bizitza emateaz gain (jendearen presentzia handituta), ekarpen handia egingo lioke herriari irisgarritasunaren ikuspegitik; izan ere, urrats sendoa litzateke herri osoan irisgarritasuna bermatzeko bidean.

    Gai honetan ere, noski, ezinbestekoa da Katrapuna plazan eta Tintalekuan esku hartzen duten eragile ezberdinen arteko akordioa lortzea. Bestalde, proiektuaren kostua kontuan izanda, diru-laguntza programa baten babespean egin beharreko egitasmoa dela deritzogu.

Hurrengo legealdian, bide horretan ere urratsak emango ditugu.