LARANJA MEKANIKOA (Anthony Burgess)

XX. Mendeko klasiko bat itzuli du Ion Olano Carlosek, Harkaitz Canoren epilogoarekin eta, bide batez, liburua ulertzeko gako ugari eskaintzen digu. Stanley Kubrick-en filmari esker ezaguna egin zen Kultuko nobela hau eta, gaur egun ere, oraindik oso aktuala egiten da irakurtzea. Itzulpen bikoitza da esku artean duguna, Olanok, nolabait, eleberriaz gain, euskarara ekarri duelako Burgessek hartarako propio asmatutako nadsat hizkuntza.

 Pertsonaien zein sistemaren sadismoa lantzen ditu eleberri honek. Alex dugu kontakizun honetako protagonista eta narratzailea. Arratsero biltzen da bere druguekin (lagunekin), bidean harrapatzen duten guztiekin ultraindarkeriaz jokatzeko. Atsegin dute arauak haustea eta indarkeria erabiltzea jostaketa hutsez, eta nadsat hizkera berezian mintzo dira. Alexek, gainera, zaletasun berezia du musika klasikoarekin, Ludwig Van Beethoven kuttunarekin bereziki. Amets gozoa dena, ordea, amesgaizto bilakatuko zaio une batetik bestera. Espetxean sartuko dute eta han buru-garbiketa bat egingo diote eta experimentu gisa erabili.

Liburu atipikoa da benetan. Beharbada, hasieran zaila egingo zaio irakurleari nadsat hizkuntzako hiztegia dela-eta, baina merezi du esfortzu txiki bat egitea, liburu berezi honetaz gozatzeko.