“Oso lasai nator, kontzientzia oso garbiarekin. Injustizia bukatzeko gogoa dut, ze hamabi urte hauek… uste dut nahikoa denbora badela. Hau guztia bukatzeko gogoa dut. Ez dakit zein izango den emaitza, garbi dudana da ez dudala ezer egin, lana bakarrik, lan gogorra nire herriagatik eta Fundazioagatik. Tristea da egoera hau”. EITBri egin dizkio adierazpenok Mariano Camiok, gaur goizean, Balenciaga auzia deiturikoaren epaiketaren aurreneko saioa baino lehen.

Mariano Camio epaiketara sartu aurretik. /Arg: EITB.

Hiru dira auzipetuak Balenciaga auzian: Mariano Kamio Getariako alkate (EAJ), Balenciaga Fundazioko lehendakariorde eta Berroeta Aldamar elkarteko kudeatzaile izandakoa; Rolando Paciel proiektua burutu zuen arkitektoa; eta Julian Argilagos museoaren proiektuaren arkitektoa. Lehen biak izan dira Donostiako Epaitegian, ez, ordea, hirugarrena, desagertuta baitago -2017tik nazioarteko atxilotze-agindua du-.

2008an hasi ziren Balenciaga Museoaren inguruan ustez izandako irregulartasunak ikertzen, eta epaiketari begira, Gipuzkoako Fiskaltzak zortzi urteko kartzela zigorra eskatu du Getariako alkate ohiarentzat ,eta lau urtekoa Argilagosentzat. Pacieli, aldiz, 3.600 euroko isuna eskatu dio.

Aurrekariak

Balenciaga Fundazioa 1999an sortu zen museoa egiteko, eta urte berean kontratatu zuten Argilagos arkitektoa. Hasiera hartan sei milioi euroko aurrekontua zuen proiektuak; urte gutxiren buruan hazi eta 2003an 15 milioitara igo zen. Urte berean Aralarreko Aintzane Ezenarrok kontuak eskatu eta irregulartasunak salatu zituen.

Berroeta Aldamar SL elkartea sortu zuten 2005ean Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Getariako Udalak; Balenciagarako emandako diru publikoa kontrolatzea zuen helburu. Honek bere gain hartu zituen aurrez Fundazioak egindako kontratu, esleipen eta obren kudeaketa. Prozesu hori abian zela, 2006an jakinarazi zuten aurrekontua 17.400.000 eurokoa izango zela.

Urtebete beranduago dimisioa eman zuen Camiok Balenciaga Fundazioan eta Berroeta Aldamar elkartean. Hilabete batzuk beranduago baieztatu zituzten irregulartasunak Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Getariako Udalak. Diru publikoa ez zela behar bezala kontrolatu baieztatu eta Argilagos arkitektoaren Hemen Art enpresaren aurkako bide judiziala hasteko asmoa agertu zuten. Camiok uko egin zien salaketa horiei.

Eusko Jaurlaritzak museoaren aurrekontua 20 milioitik gorakoa izango zela eta erakunde publikoek beste hamar milioi jarriko zituztela iragartzearekin batera, irregulartasunak onartu zituen. Gainera, Berroeta Aldamarrek Camioren aurkako salaketa jarriko zuela iragarri zuen. 2008an, Eusko Legebiltzarrak adierazi zuen Jaurlaritzak “arduragabekeriaz” jokatu zuela eta “erantzukizun politikoa” zuela. Fiskaltzak auzia ikertzen jarraitzea erabaki zuen.

Fiskaltzaren txostena

Gipuzkoako Fiskaltzak egindako txostenaren arabera, Camio eta Argilagosek erakunde publikoek museoa martxan jartzeko emandako diruaren zati bat hartu zuten, 1.200.000 euro, hain zuzen ere. Euren artean zuten “harreman sentimentala” argudiatuta, Camiok hainbat faktura puztu zituela eta egin ez ziren lanen kontratuak ahalbidetu zituela dio txostenak. Horrek dioenez, arkitektoak 500.000 euro jaso behar zituen hasieran eta, guztira 1.500.000 euro irabazi zituen. Burutzeko geratutako lanengatik Berroeta Aldamarrek 500.000 euro gehiago ordaindu behar izan zituela ere jasotzen du informeak.

Horrez gain, Balenciagaren kolekzioaren parte bat, baimenik gabe, Miamira eraman eta kaltetuta itzultzeagatik eragindako 150.000 eurotik gorako kostuen arduradun egiten ditu Fiskaltzak Camio eta Argilagos. Era berean, museoko txartela erabilera pertsonelareko erabili izana egozten zaio alkate ohiari.

Argilagosi, jasotako diru kantitateaz aparte, arkitekto titulua homologatu gabe aritzea leporatzen dio Fiskaltzak. Gauza bera dio Pacielez, eta hargatik eskatu du 3.600 euroko isuna berarentzat.

Astebeteko epaiketa

Gaur goizean hasi da epaiketa eta aurreikuspenen arabera, apirilaren 17an, asteazkenean, amaituko da. Santiago Romero Buck Arstad izango da epailea eta Juan Carlos Galvez fiskala. Guztira, 36 pertsonek deklaratuko dute.