Garapenerako lankidetza eta gizarte zerbitzuak mahai inguruan hartuko dute parte bihar, maiatzak 10, Haritz Alberdi eta Aitor Urresti alkategaiek. Hitzordua 19:00etan izango da Iturzaeta Herri Eskolan.

ARTZAPEk hilabete honetako alera ekarri ditu biak, maiatzaren 26ko udal hauteskundeei begira dituzten kezka eta asmoen berri jakiteko.

Aurkeztu zeuen burua eta azaldu nolatan zareten alkategai.
Haritz Alberdi: Heziketan, Premia Bereziko irakasle naiz 1999tik, eta langile ordezkaria 2008tik. Sei urteko ume baten aita naiz. 

Alderdian egin genuen prozesuaren barruan nire izena atera zen. Proposatu zidatenean pentsatu egin behar izan nuen, honek mundua aldatuko didalako, baina konpromisoari eusteko izugarrizko ilusioa eta gogoa ditut.

Aitor Urresti: 26 urte ditut eta Politika Zientziak eta Administrazio Publikoa ikasten bukatuta sartu nintzen udaletxean, 2015eko legealdian. 

Aldaketa baten ondorioz, Eusko Alderdi Jeltzaleko udal taldean bozeramaile izatea tokatu zitzaidan, gaur arte. Oposizio lanetan lerro bat jarraitu dugu herriko zenbait proiektu defendatzen, horri jarraipen bat emateko eskaini zidaten alkategai izatea. Pixka bat pentsatu eta ingurukoekin hitz egin ondoren, baiezkoa eman nuen.

Ze balorazio egiten duzue zuen alderdiak aurkeztutako zerrendaz?
Alberdi: Aurkezpenean esan nuen talde bikaina dela. Herri programa ere alderdiak egindako prozesu horretatik irten da, herritarren eta eragileen behar zein nahietatik. Horrek eskatzen zigun talde sendo bat edukitzea eta lortu dugu. 

Profilak denetarikoak dira: hainbat adinetakoak, esparru ezberdinetakoak, getariarrak, hona etorri eta bizitza bertan egiten dutenak, eragileetan aritzen direnak… 

Urresti: Berria da. Jende berri asko dago alderdiekin zerikusi gutxi izan baina orain konpromisoa hartu duena. Esperientziadun zerrenda gara, udaletxetik gatozen batzuk gaudelako eta herritar aktiboek zuzentzen dutelako, herri lanean ibili direnak zenbait entitate edo elkartetan.

Zeintzuk dira herriaren beharrak?
Alberdi: Pertsonekin lotzen ditugu, hau da, pertsonekin zerikusia daukaten gai guztiei erantzutea da asmoa. Adibidez, igogailu bat jartzea moilatik Katrapunara eta pasarela bat handik Bistaonara; ertzeko zerrenda jartzea Elkano kalean eta Alde Zahar guztira zabaltzea; Zarautz alderako pasealekuaren hasiera zabaltzea; eskolako jolastokian obra batzuk egitea eta jangelan bertako janaria prestatzea aztertzea; edo hainbat baldintza betetzen dituzten pentsionista edo 65 urtetik gorakoei laguntza ematea 1.080 eurotara iristeko. 

Gainera, auzoetako baserri bideak mantendu nahi ditugu eta Herritarren Kultur Eremua egin Eskualtxeta eta Ulpiano Etxean, uste baitugu herri baten bizkarrezurra dela kultura. Arlo horrekin lotuta, euskara teknikaria izatea beharrezkoa dela uste dugu Getariak arnasgune izaten jarraitzeko dauden eginkizunetarako.

Beharrezko inbertsioak, bai materialak bai giza-inbertsioak, egin behar dira kirola baldintza onetan egiten jarraitzeko. Kanpoan entrenatzen duten taldeentzat hitzarmenak bultzatzea interesgarria litzateke. Azpiegitura berriei dagokionez, berriz, futbol zelaiarena ondo aztertuko dugu, diagnosi on bat eginda, erabakiak hartzeko. 

Turismo plan bat jarri da martxan, eta hizkuntzan, kulturan, gure ohituretan oinarritutako turismo jasangarri eta orekatua izan beharko luke etorkizunean. Bisitari eta bertakoen elkarbizitzari erantzun beharko zaio, ostalari eta merkatariak ahaztu gabe, altxorra baitira guretzat. Garapen ekonomikoari begira, herritarrek bertan kontsumitzeko neurriak bultzako ditugu, eta aldi berean, langabetuekin lan-poltsa bat osatu. 

Memoria historikoarekin jarraitzea ere badugu helburu: falta den fasearen inguruko lanketa bat eginda dago jada, baina hobetu egin behar da.

Urresti: Argi dago ezinbestekoena dela turismoarekin lanketa handi bat egitea. Turismo masibo eta plangintzarik gabeko hau aldatu egin behar da eta herriko entitateekin eta herritarrekin hitz egin. Turismo plan aktibo bat jarri behar da martxan, Kale Nagusian eta beste gune jakin batzuetan ez kontzentratzeko. Potentziala badaukagu auzoetako zein beste eremu batzuetako turismoa zabaltzeko, baita urteko garai ezberdinetan banatzeko ere. 

Herriak Meagako bidea behar duela argi dugu, futbol zelaia ere bai. Era berean, ekonomia bideratzeko eta mantentzeko garaia da. 

Beste zenbait proiektu ere badaude: aparkalekua, parkea estaltzea, eta halako beste hainbat, programan jaso ditugunak. Gainera, uste dut legealdi honetan pisu handia hartuko duela Elkanoren 500. urteurrenak.

Badira herritarren intereseko bi gai: etxebizitza eta aparkalekuak.

Alberdi: Etxebizitzetan, alokairua eta babes ofizialeko etxeak lehenesten ditugu. Zorteko gara arau subsidiarioak egin behar baitira, eta parte-hartzearen bitartez Getaria nola ordenatu nahi den eztabaidatu beharko da. 

Aparkalekuena 2019 bukaerarako konponduta egongo da. Herritarrek aparkatzea bermatzea da helburua eta aurrekontuetan partida bat bideratu da parte-hartze prozesurako; ordenantzak idatzi beharko dira, irailean hasita. Ahalik eta eragile eta herritar gehienekin batera egingo da; inteligentzia kolektiboa hobea da lau bulegoan sartu eta haiek erabakitzea baino.

Urresti: Etxebizitzekin azken hilabeteetan mugimendu handia ikusi da eta igartzen da beharra dagoela. Dena den, eskaintzarako, eskaria aztertu behar da. Hala ere, babes ofizialeko etxebizitzak egin direnez, orain alokairu sozialekoak bultzatu behar direla iruditzen zaigu. 

Gazteei begira emantzipazio plan bat egingo dugu, lehenago etxetik atera daitezen. Non egin, etxe zaharrekin edo berriekin, aztertu genuen. Udalak hamar bat lokal ditu hutsik Sahatsaga Goian, zergatik ez ditugu hor etxebizitzak egiten? Zergatik ez ditugu gazteen alokairurako sustatzen?

Bestetik, herrian gerta daitezkeen arazo sozialen aurrean —etxega-betze, tratu txar…—, ez daukagu norbait artatu edo hari laguntzeko etxerik. Lehen esandako horietako bat bideratuko genuke.

Aparkalekuekin orain arte ez da ezer egin, eta aukerak badaude. Beti galdetu dugu zergatik ez den aurrera eraman egoiliarrak jartzeko aukera, ez al ditugun herritarrak lehenetsiko. Moilan TAO jartzen denean, kanpotar guztiek goian aparkatzen dute eta bertakoek behean. Pegatina bada soluzioa, ez da ari eraginkorra izaten. 

Elkanoren 500. urteurrena hemen da. Nola landuko da?
Alberdi: Zati bat egina dago, parte-hartze prozesu bat egin zen getariarrokin eta ideia ezberdinak irten ziren. Fundazioaren esku daude eta beraiei dagokie horiekin, nahiz dituzten besteekin, ekimen desberdinak planteatu eta herritarrek parte hartzea. Horrek ez du kentzen herrian nahiz kanpoan egon daitezkeenik beste eragile batzuk gai hori jorratuko dutenak, niretzat denak ongi-etorriak dira, jakintza kolektiboa aberatsa dela uste dudalako. Oraina ulertu eta etorkizuna marrazteko iragana ezagutzea ariketa intelektual ona iruditzen zait. 

Urresti: Orain arte Udaletik ez da garatu proiektu jakin bat Getariak egitasmo honekin zer nahi duen zehazteko. Fundazioa sortu zen baina herri bezala helburu batzuk markatu gabe, Euskal Herri, Gipuzkoa eta Urola Kosta mailan badaudenak. 

Elkano getariarra zen eta lortutakoa ez zen kasualitatea izan, hemen dagoen nabigazioko oinarri historikoaren ondorio baizik. Beharrezkoa da balio horiek jaso eta lantzea herritarren artean. 

Planteatzen dugu Elkanorekin lotutako beste herriekiko harremanak lantzea, hala nola, Iparraldeko Getaria, Bermeo, Barakaldo, edo nazioartekoak; ekonomia bultzatzeko erabiltzea, ez turismo aldetik bakarrik, izan ere, herrian ezagunak diren kontserbak, produktuak, txakolina eta abarrek ere historia bat dute; eta ekintza kulturalak (antzerkia, omenaldia, lehorreratzea…). Herrian ere ondare bat geratzea nahi dugu.

Proiektuon bideragarritasuna bermatuta al dago?
Alberdi: Bai, bideragarritasun ekonomikoa, guztiz. Uste dut hor dagoela errealismoaren eta filosofiaren arteko jokoa. Mahaian jarri ditugun denak dira egingarriak, hurrengo lau urteetan egin daitezkeenak. Airean dauden proiektuak, aldiz, aztertzeko uzten ditugu. 

Pentsionisten laguntzarenean, adibidez, beraiek egin ziguten proposamena. Hori garatu duten beste herri bateko hautetsiekin bildu gara ikusteko partidak nola sartu zituzten Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. 

Urresti: Bai, proiektuak aipatu aurretik egingarritasuna aztertu da. Badaude gauza batzuk beti agindu izan direnak eta gero egin ezinezko bezala geratutakoak. 

Meagako bidearekin edo futbol zelaiarekin, adibidez, proiektuaren egingarritasuna zein beste leku batean egitea aztertu da. Meagako bidea oso zati zaila da, errepide estuarekin eta zenbait eremu ezegonkorrekin. Azkeneko proiektuak zortzi milioi euroko inbertsioa eskatzen zuen eta Aldundia konpromisoa hartzeko prest dago. Futbol zelaiarena oso bideragarria iruditzen zaigu eta pauso berri bat emateko garaia da. 

Alkatetzan zein oposizioan, zein izango da zuen lan egiteko era?
Alberdi: Irekia, parte-hartzailea, gardena… Gustatuko litzaidake, alkate irten eta nire errealitatetik deskonektatuko banu, etorri eta “hi, Haritz, bizitza guztian kalean funtzionatu izan dek, eta orain?”, esatea. Gero, horri jarraituta, jendea entzun, haien proposamenak jaso eta erantzun behar dira, baita Udaleko dinamikan parte hartzeko bitarteko ezberdinak jarri ere. Beti esan izan dut alkaterik onena herria dela, eta herriak derrigorrez dinamika horretan parte hartu behar du.

Urresti: Udaletxe txikia da hau, bi alderdiduna; akordioak lortzeko zailtasuna asko murrizten da, beraz, landu egin behar dira. 

Legegintzaldi honetan, parte-hartze prozesuekin, proiektuak Udalean garatu beharrean, herritarrekin landu direla esan da. Eztabaida politiko eta adostasun falta handia egon da, gauzak itxita ekartzen zirelako. Horregatik, beste parte-hartze modu batzuk bilatzen ditugu, Gobernu Ona eta halakoak erabili behar ditugu. Gainera, administrazio telematikoarekin metodo parte-hartzaile pila egon daitezke herritarrekin, bilera batetik kanpo, zuzeneko harremanak izateko.

Oraindik botoa erabaki ez dutenek zergatik eman behar diete zuen alderdiari?
Alberdi: Azken zortzi urteetan erakutsi dugulako zer egiteko gai garen, bai ekonomikoki —zorpetuta eta gerakinik gabe egotetik, murriztu eta gerakina izatera pasata— bai Udaleko ateak irekita. 

Etorkizunari begira, oso talde ona dugulako eta programa herritik irten delako, jendearen zein eragileen ekarpenetatik.

Urresti: Herriak etorkizun bat edukitzeko aukera garelako. Orain arte ikusi dugu inprobizazioz egin direla gauzak, ez dagoela argi zer nahi den herriarekin. Guk etorkizuna bermatzeko bidea daukagu, proiektu batzuk ditugu, argi dugu Getariak zer behar duen.

Lotutako albisteak: